Zer dela eta azaldu dira antxoa txikiak itsasertzean?

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 21a, 18:00
(Karkara)

Aztiko Andres Uriarte zientzialariaren esanetan, sei edo zortzi urtetik behin errepikatzen den fenomenoa da azken egunotan hondartzetan ikusi dena.

Duela bizpahiru aste, harritzeko moduan hurreratu zen antxoa txikia hainbat hondartzetara. Bada, lehengo asteburuan, igandean zehazki, antxoa txikia urizkinan agertu zen itsasgorarekin, herritarren harridurarako: uretan asko, eta hondarretan ere bai hainbat kasutan. Zarauzko moilan, esaterako, nabarmen ikusi ahal izan ziren.

Arrantza jasangarrian aditua den Andres Uriarteren iritziz, sei edo zortzi urtetik behin errepikatzen den gertakaria da antxoa txikiarena, eta bi faktore edo gehiagoren elkarketak eraginda gertatu daiteke: "Batetik, itsaso zabalean itsasaldi eta haize indartsua izaten denean, indar horrek antxoa txikia kostaldera bultzatu dezake; batez ere, denboraleak antxoa txikia goian, sakonera gutxian harrapatuz gero", azaldu du Aztiko zientzialariak. Momentu horretan antxoak duen distribuzioa ere izan daiteke beste faktore bat, urteroko trantsizio zikloko zer momentutan aurkitzen den.

Gero, behin kostaldera hurreratutakoan, makarelak antxoa harrapatzen saiatzen dira jateko, eta horiek, izuturik, lehorrera jotzen dute, alde egin nahian: "Azken egunotan hori gertatuko zen ziurrenik. Antxoa txikiak makarela atzetik duela ikusitakoan, izutu eta urizkinara jotzen du. Horregatik azaldu da horrenbeste antxoa hondarretan oraingoan".