'Ane' filmaren zuzendari David Perez izango da Modelon astelehenean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 22a, 12:00
Aurreko astean izan zen 'Ane' lanaren aurrestreinaldia. (@anethefilm)

Larunbatean, igandean eta astelehenean emango dute 'Ane' filma Modelon. Asteleheneko azkeneko emanaldiaren aurretik, David Perez Sañudo zuzendariak hartuko du hitza.

Datozen egunetan Ane filmaren sei emanaldi izango dira Modelo aretoan; hain zuzen, bina saio larunbatean, igandean eta astelehenean. Astelehenean, Ikusleen Eguna, 20:30ean izango da azkenengo emanaldia, eta saio berezia prestatu dute ordurako: filmaren zuzendari David Perez Sañudo bertaratuko da Modelora, eta aurkezpena egingo du ikus-entzunezkoa bota aurretik.

Duela astebete izan zen Aneren aurrestreinaldia, Gasteizen. Perez Sañudoren aurreneko film luzea da, eta Patricia Lopez aktorea da protagonista, ama paperean sartuta.

Filmak, besteak beste, ama-alaben arteko "kontrola eta komunikazio falta" ditu hizpide. Testuinguruari dagokionez, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrek zeharkatzen dute istorio osoa.

Erlazionatuak