Atzegik elkartearen bidelagun izan direnak omendu ditu 60. urteurrenean

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 23a, 11:00

Adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duten pertsona guztiak omendu ditu elkarteak. Era barean, aurrerantzean ere kolektiboa laguntzen jarraitzera gonbidatu dute Gipuzkoako gizartea. 

Atzegi adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkarteak 60 urte bidelagunak biltzen kanpaina aurkeztu zuen asteazkenean Etxezabala eraikinean. Bertan izan ziren elkarteko ordezkariak zein Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Jesus Arana zinegotzia ere. Kanpainaren bidez elkartea sortu zenetik gaur egunera arte bidelagun izan diren pertsonak omendu dituzte, eta gizartea etorkizunean kolektiboa laguntzen jarrai dezan gonbidatu. 

Adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, elkartearekin bat eginez borrokatzen duten pertsona guztiak omendu ditu, hain zuzen ere, Atzegik. Elkartearen arabera, pertsona horiei esker lortu dute gizartea eta begirada aldatzea, aukerak areagotzea, eta azken batean, eskubide asko onartzea. Hala eta guztiz, elkarteak prentsaurrean nabarmendu zuen oraindik beste erronka asko geratzen direla aurretik, eta Gipuzkoako gizartearen babesak ezinbestekoa izaten jarraituko duela aurrerantzean ere. Hala, 60. urteurrenari keinu eginez, astero protagonista bat –adimen desgaitasuna duten pertsonak, senideak, boluntarioak edo bestelako lagunak– aurkeztuko du Atzegik atzegi.eus/bidelagunak webgunean. Urteurrenaren amaieran, 2021eko abenduaren 20an, Kursaalean egingo duten ekitaldiarekin emango diote amaiera kanpainari. 

Txurrukak, bere aldetik, azaldu zuen aurten ezingo dutela Atzegirekin batera urteroko festa ospatu, baina aurtengo urteurrena "zenbaki borobila" izanik, "bai edo bai" ospatu beharrekoa dela, beste era batera bada ere. Zarauzko Udalaren izenean Atzegiri esker ona adierazi zion alkateak: "Atzegik aurkezpen honetan gizartearen beharra azpimarratu du; gizarteak berak ere badu Atzegiren beharra, ordea". Etorkizunean ere elkarteak udalaren laguntza eta babes osoa izango duela esan zuen Txurrukak, eta elkarlanerako prest agertu zen: "Pandemiak erakutsi du elkarren beharra dugula, eta elkarlanerako borondate osoa dugu". 

Aranak, bestalde, Atzegik sorreran egindako lana aipatu zuen. Haren hitzetan, duela 60 urte inork ez zuen 3. sektorearen inguruan hitz egiten. "Orduan sortu zen Atzegi, boluntariotzatik eta elkartasunean oinarrituta", azaldu zuen Aranak. Zinegotziaren esanetan, "denen errekonozimendua" merezi du elkarteak, bai sorrerako lanagatik, eta baita orain egiten duenarengatik ere. 

Mikel Etxeberria getariarrak ere hartu zuen parte prentsaurrekoan, eta bere esperientzia pertsonalaren inguruan aritu zen. "Ama hil zitzaidan, eta Getariako Udalari eta Atzegiri esker pisu batean bizi naiz", azaldu zuen Etxeberriak. Bidelagun bat da haren tutorea, eta konfinamenduan tutoreak eskainitako babesarekin guztiz eskertuta agertu zen. Txurruka hunkitu egin zen, eta haren hitzekin amaitu zen agerraldia: "Urtero prentsaurreko asko egiten ditugu, baina horrelakoak dira betetzen gaituztenak".