Gutuna: ANBU janari dendaren azken egunak

Zarauzko Hitza 2020ko urr. 23a, 09:00

Erretiroa hartzekotan diren honetan, esker mezua zabaldu nahi izan dute ANBU Azken Portuko janari dendako arduradunek.

Urte luzez jardun dugu, eguna joan eguna etorri, Azken Portuko auzotarrei zerbitzua ematen. Oraingoan ordea, ateak ixteko unea iritsi zaio ANBU janari dendari. Urriaren azken egunera arte egongo da denda zabalik eta ordutik aurrera erretiroa hartuko dugu.

Auzotarrekin batera eman nahi genion amaiera ANBU janari dendari, baina egoeraren jakitun, ezingo dugu inolako itxiera festa edota agurrik antolatu. Horrexegatik azaldu nahi izan dugu mezu honen bidez, urriaren 31era arte denda zabalik egongo dela eta ilusio handiz jasoko dugula zuen bixita azken egun hauetan dendari agur esan ahal izateko.

Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu 27 urte luze hauetan gure bezero izan diren auzotarrei. Bezerorik gabeko dendarik ez denez existitzen, jakin zuek gabe gure ANBU dendak ezin izango lukeela bizirik iraun urte hauetan guztietan. Eskerrik asko!