Positibo kopuruak gora egin du berriz Zarautzen

Julene Frantzesena-Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 23a, 13:50

Osakidetzak hamar kasu berri atzeman zituen atzo Zarautzen, herenegun baino zazpi gehiago. 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak 200en langa gainditu zuen herenegun, eta gora egiten segitzen du: une honetan, 218,87koa da. Eskualdean herenegun baino positibo gutxiago detektatu zituzten atzo: 69. Azpeitian eta Azkoitian zenbatu zituzten kasu gehien.

Zarautzen egindako PCR probetan hamar positibo berri detektatu zituen atzo, hilak 22, Osakidetzak. Herenegun, hilak 21, hiru izan ziren atzemandako kasuak, eta asteartean, hilak 20, sei. 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak herenegun gainditu zuen 200en muga Zarautzen (206), eta gora egiten jarraitzen du: atzoko datuekin, 218,87ra igo da tasa. Bestalde, I(D)/I(D-7) indizea 1 baino handiagoa da oraindik: 1,2ra heldu zen herenegun, eta 1,28koa da gaur-gaurkoz.

Urola Kostan, orotara, 69 kasu berri atzeman zituzten atzo. Herenegun 85 izan ziren. Osasun Sailak Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian zenbatu zituen kasu gehien: Azpeitian 21, Azkoitian 20 eta Zumaian hamahiru. Zarautzek jarraitzen dio atzetik zerrendari, hamar kasurekin, baina eskualdeko herri gehiagotan ere detektatu zituzten positiboak atzokoan, hain zuzen, lau Zestoan eta bat Errezilen.

Semaforo gorriak piztuta segitzen du Gipuzkoako 22 udalerritan, baita eskualdeko batzuetan ere, hala nola Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian. 5.000 biztanletik gorakoak herri horiek hamalau eguneko positibo kopuru metatu altua dute. Gipuzkoako udalerrien artean tasa altuena duen hirugarren herria da Azpeitia: 1.414,81. Aurretik dira Ordizia –1.624,87– eta Beasain –1.524,8–. Azkoitiak eta Zumaiak ere intzidentzia tasa oso altua dute, 1.176,08 eta 1.129,77, hurrenez hurren. Errezilek ere izugarrizko intzidentzia tasa –4.299,36– dauka, baina ez da iristen neurriok indarrean jartzeko ezarri dituzten baldintzetara; izan ere, bost mila biztanle baino gutxiago ditu.

100.000 biztanleko 500dik gorako positibotasun tasa daukate, beraz, Azpeitiak, Azkoitiak eta Zumaiak, eta Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurri murriztaileak dagoeneko indarrean daude leku horietan. Gainera, Azpeitiko Udalak beste neurri batzuk ere hartu ditu, eta herrian astebururako antolatuta zeuden ekitaldi ia guztiak bertan behera gelditu dira.

Azpeitian eta Azkoitian baheketa selektiboak gauzatu ditu azken asteetan Osasun Sailak, eta litekeena da datorren astean Zumaian egitea. Izan ere, herri horretan baheketa selektiboa egitea aztertzen ari da Osakidetza. 

Kasuak gora eta gora

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positiboek ikaragarrizko gorakada izan dute azken egunetan, baina baita gauzatutako PCR kopuruak ere. Atzo, esaterako, COVID-19aren pandemiaren bigarren olatuan orain arteko test gehien egin zituzten eguna izan zen; 14.144 proba egin zituzten hiru lurralde horietan. Eta emaitzak ere halakoxeak izan ziren: orain arteko positibo gehien atzeman zituzten atzo, 1.207. Horrenbestez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin zuten herritarren %8,5ek eman zuten positibo.

Lurraldeka honako hauek izan ziren datuak: Araban 87 positiboa; Bizkaian 561; eta Gipuzkoan 545. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 11 lagunek ere positibo eman zuten proban. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa altua da; izan ere, 452,51ra iritsi da dagoeneko. Lurraldeka, baina, badira aldeak: Arabako tasa 319,54 da; Bizkaikoa 370,21; eta Gipuzkoan 626,33.

Atzo 57 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, 339 lagun daude erietxeetan, herenegungo kopuru berbera. Dena den, gora egin du ZIUn ospitaleratutako pertsonen kopuruak, 69 baitira horiek –herenegun 62 ziren–.