Zabalik daude jada Zarauzko Emakumeen* Etxeko ateak. Gaur egin dute inaugurazio ekitaldia, eta bertan izan dira, besteak beste, Berdintasun Kontseiluko kideak nahiz udal taldeetako ordezkariak. Berdintasun Kontseiluko kide Marije Zumetak adierazi duenez, espazio "dinamiko eta irekia" izango da, "emakumeek emakumeentzako kudeatutakoa". Hala, "emakumeen berdintasuna, askatasuna, partaidetza eta presentzia sustatzeko" gune modura ezaugarritu du Emakumeen* Etxea.
Gogora ekarri du duela ia 100 urte aldarrikatu zuela "emakumeen bordatxo bat" Miren Etxabe Aldai zarauztarrak, eta egun Emakumeen Etxea* izena duen proiektua "mamitzeari" ekin ziotela Berdintasun Kontseiluan 2011-2012 urteetan. Dagoeneko zutik dago Emakumeen Etxea*, baina Zumetak azpimarratu du luzea dela aurretik duten bidea: "Gaur hemen ez da ezer bukatzen, hasi egiten dugu".
Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak adierazi du " emakumeen lan kolektiborako gela propioa" izango dela espazioa, eta azaldu du "baliabide ekonomikoak eta espazio pribatua beharrezkoak" direla "edozein jarduera egiteko eta bizitzeko". "XXI. mendean, oraindik ere diskriminazioa jasaten dugu emakumeok emakume izateagatik, eta beharrezkoak dira politika bereziak diskriminazio horrekin bukatzeko". Bide horretan, "aurrerapausotzat" jo du Emakumeen* Etxearen sorrera. Bestalde, proiektua modu batera edo bestera posible egin duten pertsona guztiak izan ditu gogoan: "Gaur ospatzen dugun lorpena guztiona da".
Zarauzko alkate Xabier Txurrukak nabarmendu du 12.000 emakume inguru bizi direla Zarautzen, eta guztiei luzatu die gune berrira bertaratzeko gonbita. "Emakumeen* Etxeak balio dezala etorkizunean denok Zarautz justuago eta parekideago batean bizi ahal izateko".
Ainhoa Agirreazaldegiren bertsoekin eman diote amaiera gaurko ekitaldiari, eta horren ostean, Emakumeen* Etxera sartzeko eta tokia ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnek.