26 positibo zenbatu dituzte Zarautzen azkeneko hiru egunetan

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 26a, 13:39

Hamar positibo berri atzeman zituzten Zarautzen ostiralean, hamahiru larunbatean eta hiru igandean. Hala, une honetan, 291,83koa da intzidentzia tasa. 194 kasu zenbatu dira Urola Kostan ostiraletik igandera bitartean, eta hamar herritan detektatu dituzte kasu positiboak.

Azken egunetan positibo kasuen igoera nabarmena izan da Zarautzen. Asteburuan 26 kasu berri atzeman dituzte herrian; hain zuzen, hiru atzo, hamar larunbatean eta hamahiru ostiralean. Gaur-gaurkoz, 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko 291,83koa da. Intzidentzia tasaren arrazoia, aldiz, 1,58koa da.

Ostiralean 218,87koa zen intzidentzia tasa, eta 1,28koa intzidentzia tasaren arrazoia edo I(D)/I(D-7) delakoa. I(D)/I(D-7) indizea 1 baino txikiagoa denean esan nahi du behera egin duela intzidentzia tasak. Dena den, ez da kasua Zarautzen, ez eta Urola Kostan, orotara.

Eskualdeak pandemiaren bigarren olatuan murgilduta jarraitzen du, eta zenbakiak beste behin ere kezkagarriak dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian eman ditu ostiraletik igandera bitarteko datuak, eta Urola Kostako hamar herritan izan dira positiboak –Beizamak kasu positiborik zenbatu gabe jarraitzen du–. Guztira 194 kasu positibo izan dira eskualdean hiru egun hauetan.

Azpeitian 59 positibo zenbatu dituzte ostiraletik igandera bitarteko hiru egunetan. 25 kasu izan ziren ostiralean, 24 larunbatean eta 10 igandean. Intzidentzia tasari dagokionez, gorriz margotuta jarraitzen du Urola Erdiko herriak: 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko 1.647,29 da. 

Zumaiak ere gorriz jarraitzen du, eta aipatutako hiru egunetan atzemandako 46 kasuak gehituta, intzidentzia tasa 1.536,90era igo da. Ostiralean zenbatu zituzten kasu gehien, 23; 18 kasu detektatu zituzten larunbatean; eta bost igandean.

Kasu positiboetan azken egunetan izandako igoera izugarria ikusita, baheketa selektiboa hasiko du gaur Osakidetzak. Gaurtik asteazkenera bitartean egingo dira PCR probak Aitzuri frontoian, eta 13 eta 40 urte arteko zumaiarrak daude deituta. Zumaiako osasun zentrora (943-00 64 90) edo Osasun Aholkuaren telefono zenbakira (900-20 30 50) deitu beharko dute aurrez hitzordua hartzeko.

Azkoitian ere kezkagarriak dira positibo kopuruak. Ostiraletik igandera bitartean beste 38 kasu posibo izan dituzte herrian: zortzi ostiralean, 20 larunbatean eta beste 10 igandean. Intzidentzia tasa 1.176,08koa da une honetan.

Eskualdeko beste sei herritan ere positiboak zenbatu dituzte asteburuan: Aian bi, Aizarnazabalen bat, Errezilen eta Getaraian seina, Orion hiru, eta zazpi Zestoan. Beizama da kasurik izan ez duen eskualdeko herri bakarra.

Hego Euskal Herriko datuak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, ostiralean zenbatu zituzten kasu gehien: 1.210 guztira. Egun horretan bertan egin zituzten PCR proba gehien, 13.892. Larunbatean 11.050 proba egin ziren hiru lurraldeetan, eta positiboak 1.012 izan ziren. Igandean, berriz, 10.580 PCR proba egin ziren, eta positiboa 940 izan ziren. Lurraldeetako datuei so eginez, Araban positibo kopuruek beherantz egin dute, bai eta Gipuzkoan ere. Bizkaian antzerako datuak eman dira hiru egun hauetan. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi ez direnen beste 36 positibo izan dira ostiraletik hona. 

Ospitaleratzeei dagokionez, 76 lagun daude herrialde hauetako ospitaletako ZIU plantetan, ostegunean baino zazpi gehiago. Larunbateko datuen arabera (igandeko daturik ez du eman Osakidetzak), 351 lagun daude gaur egun ospitaleratuta COVID-19arekin lotutako gaixotasunekin. 

Nafarroak 501 COVID-19 kasu berri erregistratu zituen igandean hau da, aurreko egunean baino nabarmen gutxiago, nahiz eta oso kopuru kezkagarria izan oraindik ere. Izan ere, larunbatean 698 positibo izan ziren, inoiz baino gehiago.

Igandean 3.167 PCR proba eta antigenoen test egin ziren Nafarroan eta positibo tasa % 15,8koa izan zen, hau da, 501 kasu, foru gobernuak emandako datuen arabera.