Aurreko astean izan zen Emakumeen* Etxearen (Nafarroa kalea, 3C) irekiera ekitaldia. Emakumeei zuzendutako Jabetze Eskolako hainbat saio izan dira bertan jada, eta jakinarazi dutenez, aholkularitza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa ere jarriko dituzte martxan azaroan. Ana Aranguren psikologoaren eskutik izango da laguntza psikologikoa, eta Judith Esnal eta Natalia Damian abokatuen eskutik laguntza juridikoa.
Aurrez aurreko arreta zerbitzua izango da, Emakumeen* Etxean bertan. Laguntza horretara jo nahi duten emakumeek aldez aurretik hartu beharko dute hitzordua, 943 005 117 telefono zenbakira deituta edo emakumeen-etxea@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita. Doakoa izango da arreta, baina laguntza psikologikoaren kasuan, gehienez bost saio eska ditzake pertsona bakoitzak.
Baliabideak
Arangurenek azaldu duenez, "18 urtetik gorako emakumeei laguntza eskaintzea" izango da "funtsezko helburua" arreta psikologikoan. Horretarako, "informazioa eta saio terapeutikoak" izango dira eskuragai, bertaratzen diren emakumeek landu dezaten nola aurre egin "gatazkei eta krisi egoerei". Emakumeen* Etxean asteazkenero eskainiko da arreta psikologikoa, 16:00etatik 20:00etara.
Bestalde, Esnal eta Damian ere izango dira Emakumeen* Etxean, alor juridikoan emakumeek izan ditzaketen zalantzak argitzeko eta "aholkuak emateko". Azaldu dute "kasu bakoitzari" lotutako lanketa egingo dutela, "ezin delako orokorrean hitz egin". "Arreta pertsonalizatu, egokitu eta konfidentziala emango dugu", diote. Aurreikusi dute, batez ere, "indarkeriarekin, banaketekin, lan arloko zalantzekin eta atzerritartasunarekin" zerikusia duten auziak izango direla mahai gainean.
Asteazkenero izango dira arreta juridikoko saioak ere, 16:00etatik 20:00etara.