Hiribus zerbitzu berezia eskainiko dute ohi bezala aurtengo azaroaren 1ean, Santu Guztien Egunean, hilerrira igo zein handik jaisteko. Hilerriko geltokia Linea Mistoan txertatuko dute ondoko orduetan: 10:27, 11:57, 13:57, 14:27, 17:27 eta 18:27. Ostiralean, urriaren 30ean, hiribusaren 2. Lineak geldiunea egingo du hilerrian 10:27ean eta 12:27ean, eta ordutegi berean geratuko da hilerrian Linea Mistoa datorren larunbatean, urriaren 31n.
Udalak azaldu duenez, Hiribusaren ohiko tarifekin eskainiko dute zerbitzu berezia eta, gogorarazi dute Mugi txartelarekin ordaindu daitekeela bidaia.
Osasun neurriak
Osasun eta distantzia neurriak bermatu eta pilaketak saihesteko, Udaltzaingoak egun horretarako hilerrian ezarriko diren sarrera eta irteera bakarrak zainduko ditu. Udaltzaingoak adierazitako sarrera bakarra egongo da pertsonen zirkulazioa errazteko, eta gehienez talde bakoitzeko sei pertsona onartuko dira.
Hilerrian zehaztuta egongo dira erabili beharreko sarrera eta irteera. Oinezkoek hego-mendebaldeko sarreratik sartu beharko dute (sarbide berria), eta irten, berriz, iparraldetik (sarbide zaharra). Ibilgailuek norabide bakarra izango dute hilerrira igotzeko bihartik aurrera: Anbulategitik igo eta Abendaño auzotik jaitsi beharko dute. Bestalde, larunbat eta igandeetan ibilgailuek ezingo dute hilerrian aparkatu, ezinduen txartela dutenek izan ezik.