Nostalgiaren urteurrena

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 30a, 09:00

Hamabost urte bete ditu gaur Putzuzulok. Urrun heldu dira rotaflexarekin atea botata okupazioaren aldeko apustua egin zuten gazte haien ametsak, baina, urteurren borobil honetan, ospakizunerako motibo gutxi dute gazteek.

Hemerotekan 'Putzuzulo' hitza bilatuz gero, hamaika aldiz birarazi beharko duzu saguaren erdiko gurpiltxoa albiste jarioaren hondora iritsi nahi baduzu. Askotariko berriak irakur daitezke; gehien-gehienak kultura ekitaldiei lotutakoak: antzerkiak, ikastaroak, zinema saioak eta musika. Musika asko, izugarri. Kontzertu zaratatsuak, elektronika saioak, emanaldi akustikoak, talde oso entzutetsuak... denetik egin da Lizundia oihal fabrika zaharrean. Kulturaz gain, artikulu askok dute lotura politikarekin. Herriko gazteek beren ideiak elkarbanatu eta antolatzeko gune gakoa izan da gaztetxea Zarautzen, eta hala izaten jarraitzen du egun ere: aterpe ematen die autogestioan oinarritutako herriko hainbat eragileri.

Hamabost urte bete dira gaur herriko dozenaka gaztek amets fabrika okupatu zutenetik, baina inoiz ez dute ospakizunerako horren motibo gutxi izan. Pandemia betean, arau murriztaileak direla-eta bertan behera utzi behar izan dute azken unean asteotan prestatutako egitarau ia osoa eta, hori gutxi balitz, Putzuzulo eraikina eraisteko atzera kontua martxan da dagoeneko. Hala jakinarazi zuen Xakela asanbladak lehengo astean bertan. Salberdin gunean etxebizitzak eraikitzeko plana tarteko botako dute gaztetxea.

Azaroan egitarau joria izan ohi da urtero, izan ere, hainbeste izerdi kostatako okupazioaren urteurren ospakizunak ia hilabetez luzatu ohi dituzte. Badira hilabete batzuk, ordea, Putzuzuloko martxa apaldu zela; azken hilabeteetan hainbat jardunaldi eta tailer izan dira, baina, halabeharrez, oso modu mugatuan egin dituzte. Autogestioan oinarritutako egiturek are zailtasun gehiago dituzte antolakuntzarako garaiotan, eta egunez egun aldatzen doazen neurri nahasgarriek eta horiei aurre egiteko baliabide faltak ez dute laguntzen.

Oztopoak oztopo, brindiserako deialdia zutik mantentzea erabaki du Xakela asanbladak. Urtero bezala, 11:00etan elkartuko dira gaztetxearen atarian, aurtengoan, okupaziotik hamabost urte igaro direla ospatzeko. Besteetan egiten dituzten mendibuelta, gaubela nahiz ekitaldirik ezingo da egin aurten.

Aurrekariak eta okupazioa

Gaztetxe eta gune autogestionatuen loraldi modukoa bizi izan zen Euskal Herrian 90eko hamarkadaren amaieran. Putzuzulo beranduago okupatu bazuten ere, garai hartan izan zen beste gaztetxe bat Zarautzen: Manuela. Gaur egun Photomuseum Argazki eta Zinema Museoa dagoen eraikina hartu zuten gazte zarauztarrek, baina 2000. urtean bota zituzten bertatik. Desalojoaren ondoren, elkargunearen faltan, kalean egin ohi zituzten asanbladak herriko gazteek. Modu horretan lau urte pasatu ondoren, Badator kanpaina jarri zuten martxan 2004an. Herriko gazte askok egin zuten bat espazio autogestionatu baten beharra aldarrikatzearekin, eta nahikoa gihar hartu zutenean, 2005eko urriaren 30ean, ehunka lagun sartu ziren gaur egun Putzuzulo Amets Fabrika den lantegira. Rotaflexarekin zabaldu zuten atea, eta euforiaren ondotik, lanerako garaia iritsi zen. Ia hilabete igaro zuten gazteek fabrika zaharrean, bertan lo egiteko elkarren artean txandakatuz.

Zenbaezinak dira hamabost urteotan Putzuzulon antolatutako jardunaldi, tailer, kontzertu, bilera, hitzaldi eta abarrak. Eragile askoren jardunleku izan da eta, gaur egun, Arraio Irratiko kideek, Danda Gazte Asanbladakoek, salsa ikastarokoek nahiz bertso eskolakoek baliatzen dute gunea gehienbat. Xakela asanblada izan da lehen unetik espazioa kudeatzeaz arduratu dena, eta bertako gazteak dira egun aurre egin beharreko egoera zailari konponbidea bilatu nahian dabiltzanak ere. 

Historia irudietan

Sarritan argazkiek hitzek baino gehiago esan dezakete, eta errazago eramaten dute bat beste garaietara.

 

2005eko urriaren amaieran okupatu zuten Textil Guipuzcoana oihal fabrika zaharra, eta aste batzuk geroago kolore deigarriz jantzi zuten. Harrezkero aldatu bada ere, koloretsu jarraitu du beti eraikinaren fatxadak. (Gari Berasaluze)
 
 
Okupazioaren lehen urteurrena, 2006an. Lehen brindisa. Urte hartan Anariren, Pariak Bairen eta Lehiotikanen kontzertuez gain, Jon Benitoren eta Maialen Lujanbioren emanaldia izan ziren. (Xabi Aizpurua)
 
Azken Portuko I. Bertso Tourra egin zuten 2007an auzoko  tabernetan eta Putzuzulo Gaztetxean. Xabier Silveira eta Fredi Paia izan ziren bertsotan. (Hitza)
 

2007an izan zen lehen Kopla Txapelketa ere. Argazkian, Arkaitz Estiballes kantuan. (Hitza)

 

Asanbladako gazte bat epaitu zuten gaztetxea okupatzearren. Epaiketa salatzeko prentsaurreko jendetsua egin zuten 2009ko maiatzean. (Xabi Aizpurua)
 

 

Gaztetxearen laugarren urteurreneko brindisa. Bertsio Gaua hirugarren aldiz egin zuten urte hartan; lehen, urteurrenaren barruan antolatu ohi zuten. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
 
 
Gau horteroa, bosgarren urteurrenean. 2010eko azaroa. (Hodei Esteban Pertusa)
 
Herri bazkaria, seigarren urteurrenean. (Hodei Esteban Pertusa)
 
 
Gaztetxea kalean ekimena baliatu ohi dute herriko beste guneetan jolasak, ekitaldiak zein kontzertuak egiteko. Irudian, zazpigarren urteurrenean Musika Plazan jolasean ageri dira gazteak. (Hodei Esteban Pertusa)
 
2013an, zortzigarren urteurreneko brindisa. Urte hartan eraberritze prozesuan murgildu zen Xakela asanblada. Besteak beste, gaur egun dagoen barra atondu eta fatxada berriz margotu zuten. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
 
 
2014ko Gaztetxea Kalean. Jendetza bildu zen Ze Esatek! taldearen kontzertuan, Lege Zaharren Enparantzan. (Aritz Mutiozabal)

 
Herritar askok hartu zuen parte 2015eko Gaztetxea Kalean ekimenean, 10. urteurrenean. (Aritz Mutiozabal)
 
Urteroko hitzordu finkoa izan ohi da gaurko brindisa. Irudian, 2016an, 11. urteurrenean egin zutena. (Hodei Esteban Pertusa)
 
Bertsio  gauerako prestaketak, 2018ko otsailean. (Amaia Urbieta Arruti)
 
14. urteurrena, duela urtebete. (Aritz Mutiozabal)
 
 
2019ko azaroan, 14. urteurren betean, gaztetxearen inguruko egitura guztiak eraitsi zituzten. (Putzuzulo)
 
Erlazionatuak