Itsasaldi handia izango da gaur iluntzetik bihar eguerdira bitartean

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 28a, 14:49
(Lorentxo Portularrume)

AZTIko ikerlarien esanetan, gaueko ordubatak aldera joko du goia itsasaldiak, eta 7-8 metro bitarteko olatuak espero dira.

Azken egunetan, zeresana ari da ematen Epsilon hurakanak sortutako itsasaldia. Inor ausartu ere egin da azken hamarkadetako handiena izango dela esatera. Bada, Pedro Liriaren iritziz, ez da diotena bezain handia izango. "Bidean datorren itsasaldia oso handia dela bistakoa da. Atzo, sateliteek 14 metroko olatuak neurtu zituzten itsaso zabalean, baina ez dut uste oraingo hau 2014ko itsasaldia baino handiagoa izango denik", adierazi du AZTIko ozeanografoak. 

Liriaren esanetan, olatu batetik besterako denbora tartea da itsasaldi honen bereizgarri nagusia: "20 segundoko tartea iragartzen dute olatuen artean, eta hori asko da". Itsas baldintzak ere garbiak izango dira gaur arratsaldetik bihar eguerdira arte, hego haizearen ondorioz. "Ez da askotan tokatzen tamaina horretako olatuekin itsas baldintza garbiak izatea, eta oraingo honetan, itxura denez, hala izango da", dio ozeanografoak.

Mugimendua portuetan eta eskoileretan

Epsilonek eragindako borraska hau ez da marea oso biziekin tokatu, eta horri esker, ez da alerta gorririk aktibatu, laranja baizik. "Gaur eta bihar artean marea ez da ikaragarri igoko, eta horrek arriskua jaisten du lehorrean itsasaldiak eragin ditzakeen kalteei begira", zehaztu du Liriak. Hala ere, olatuek eskoilerak gogor kolpatzea aurreikusten dute, eta portuetan ere korronte eta ur mugimendu handia izango da.