'Argazkigintzaren maisuak' zikloari ekingo diote bihar Photomuseumen

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 29a, 11:00

Tim Kirbyren Argazkigintzaren maisuak dokumental saila emango dute Photomuseumen datozen asteetan. Bihar izango da bildumaren aurreneko kapitulua, Itzalen jokoa, ikusteko aukera.

Gela programaren barruan, ziklo berri bati emango diote hasiera bihar, urriak 30. Hain zuzen, Tim Kirbyren Argazkigintzaren maisuak dokumental saila landuko dute Photomuseumen datozen asteetan. Sei atal ditu bildumak, eta bihar izango da lehenengo kapituluaren emanaldia: Itzalen jokoa.

Photomuseumeko antolatzaileek azaldu dutenez, aurreneko atalean "argazkigintzaren sorreraren historia" izan zuen hizpide Kirbyk, baita sorrera horrek "eragin zuen galdera sakona" ere; alegia, "zertarako balio du argazkigintzak?". 18:00etatik aurrera izango da ikusgai Itzalen jokoa, eta Gela programaren barruan prestatutako gainontzeko saioetan bezala, doakoa izango da sarrera.

Hurrengo asteetan emango dituzte dokumental saileko gainontzeko bost saioak. Ibilbide horretan, ikusleek aukera izango dute "argazkigintzaren hastapenetatik (XIX. mendeko kamera ilunaren garaitik) azken aurrerapen teknologikoetara arteko ibilbidea jorratzeko".