Pandemiaren ahotsak

Mikel Elortza: "Botere gehiegikerietarako aitzakia bat izan daiteke larrialdi egoera, oinarri juridikoa duen aitzakia perfektua"

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 30a, 10:00

Ezustean edo ez hain ezustean sartu dira indarrean aurtengo bigarren alarma egoera eta, osasunaren izenean, horren eskutik etorri diren neurri murriztaile berriak. Eskumenen, ahalmenen nahiz etor daitekeenaren inguruko nahasmenaren erdian zabaldu zaigu, parez pare, agertoki berri bat. Irizpide sanitarioek alderik alde gurutzatutako begiradaz harago, ordea, bizi dugun egoerak baditu beste hamaika ertz. Mikel Elortza abokatu zarauztarrarekin hitz egiteko aukera izan du ZARAUZKO HITZAk, "legearen eta boterearen erabileraren inguruko hainbat gogoetari" bide emateko.

Aste honetan jarri dute indarrean alarma egoera, bigarren aldiz urte berdinean. Gainera, oraingoan ere luzatu egin daitekeela iragarri du Pedro Sanchez Espainiako Estatuko presidenteak.

Martxoan bezala, Espainiako Gobernuak erabaki du berriz alarma egoera ezartzea, hura baita hori erabakitzeko ahalmena duen bakarra estatuan. Teorian, legebiltzarra da erabaki hori berretsi behar duena, hamabost egunean behin. Hala izan zen udaberrian. Horrexegatik ari da orain Sanchezen gobernua hamabost eguneko larrialdi egoera luzatu nahian, lau edota sei hilabetekoa izan dadin, eta gobernua ez dadin behartuta egon, bi astean behin, eztabaida legebiltzarrera eramatera, negoziatzera eta gehiengoa osatzera.

Aurreko alarma egoeran "aginte bakarra" delakoa izan zuen Sanchezen gobernuak: hark hartzen zituen erabaki guzti-guztiak, eta horiek eragina zuten estatuko lurralde osoan. Kontua da, deskonfinamendu garaian, Sanchezek autonomia erkidegoekin adostu zuela "kogobernantza" deituriko horri heltzea. Uste dut Sanchezek aliantzak egitea behar zuela, esaterako, katalanekin eta euskaldunekin, gero aurrekontuak edo bestelako neurriak aurrera atera ahal izateko, eta haiekin akordio horretara iristea lortu zuen. Gainera, erkidego bakoitzean desberdina zen egoera COVID-19ari dagokionez. Kogobernantza oinarri zuen akordio hori zen, handik aurrera, erkidego bakoitzak har zitzakeela erabakiak marko orokor baten barruan.

Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri murriztaile aurkeztu zituen urriaren 17an. Gero, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen, esaterako, sei pertsona baino gehiago biltzeko debekua, oinarrizko eskubide bat urratzen zuelakoan. Orain, indarrean da neurri hori.

Kogobernantza ereduak, nolabait, ondo funtzionatu du orain arte; erabaki propioak hartu ditu erkidego bakoitzak. Dena den, ematen duenera arte ematen du erkidego batek, nahiz eta autonomiaren defendatzaile sutsuei ez zaien gustatuko hau. Erabaki serioak hartu behar izan diren unean, konturatu dira erkidegoek ez dutela babes juridikorik zenbait alorretan erabakiak hartzeko, adibidez, erabakiek oinarrizko eskubideei eragiten dietenean. Etxeratze agindua ezartzea oinarrizko eskubideak murriztea da, konstituzioan jasota dauden oinarrizko eskubideen aurkako erabaki bat. Hortaz, erkidego batek ezin dezake horren gaineko erabakirik hartu, are gutxiago lurralde oso bateko biztanle guztiei eragiten dienean. Auzitegi Nagusiak horregatik bota zituen atzera Jaurlaritzak aurkeztutako neurri horiek.

Esku-hartze horiek bestelako babes edo aterki juridiko bat behar zutela ikusi zen, eta zein zen soluzioa? Alarma egoera. Ez zegoen beste aukerarik. Une egokia zen, itxuraz eta COVID-19ak utzitako datuen arabera, behintzat. Espainiako Gobernuak alarma egoera eta oinarri orokorrak ezarri zituen, baina mugitzeko aukera emanez erkidegoei, haiek ardura zitezen kudeaketaz: ordubete aurreratu edo atzeratu dezakete etxeratze agindua, gehienez sei lagun bildu beharrean zortzi bildu daitezkeela erabaki dezakete... Abagune bat dute. Bestalde, lehendik ere erabaki zitzaketen hainbat gauzaren gainean erabakitzen jarraitzeko aukera dute erkidegoek: eskolako kontuak, garraiobidea, tabernetako terrazak...

Osasunaren izenean ezarri dituzte neurri murriztaile berriak gobernuek.

Nik ulertzen dut datuek neurriak eskatzen dituztela eta aurre egin behar zaiola egoerari. Baina hortik ia sei hilabeterainoko alarma egoera ezartzera pasatzea... Estatuari ahalmen osoa ematea da hori, beste sei hilabetean txeke zuri bat ematea, oinarrizkoenak diren eskubideak murrizteko aukerarekin. Kontua da, hasiera batean, teorian, helburu zehatz batekin murrizten direla eskubideak. Gero, baina, helburu zehatz horretaz harago, beste helburu batzuetarako erabil liteke hori. Horrek beldurtzen nau.

Esaterako, agian onar dezakegu etxeratze agindua bezalako neurri gogor bat egoera jakin batean, pentsatuz, beharbada, horrek pandemia mozten lagun dezakeela. Baina gero etxeratze agindu hori pandemiaren aitzakian luzatzeko eta beste edozein egoeratan berriz aplikatzeko aukera hor dago, eta arriskua ikusten dut. Garrantzitsuak dira ezartzen diren neurriek izan ditzaketen ondorioak aurreikustea.

Gainera, osasun-adituek behin eta berriz diote neurri murriztaileak ez direla nahikoa. Esan nahi dut, osasun-sisteman baliabideak eskasak badira, alor horretan ez bada neurririk hartu, asistentzia-eredu osoa egoera txarrean badago murrizketengatik... Pandemiaren ondorioak askoz larriagoak izango dira. Birusaren eragina latzagoa da egituraketa eta antolaketa sozial aldetik baztertuen dauden eremuetan. Gizarte-antolamendu egokirik gabe, gainontzeko neurriek ez dute ezertarako balio, eta badirudi zenbait eremutan etengabe neurriak hartzen direla, baina beste batzuetan ez.

Jaurlaritzak esan du asteburuan "zorrotzagoa" izango dela polizia-agenteen esku-hartzea, baina alarma egoera honen hasieran helburu "pedagogikoa" dela nagusi.

Aurreko konfinamendu garaian ikusi zen poliziek isunak jarri zituztela eta, beranduago, auzitegiek esan zietela agian bertan behera geratuko zirela zigor asko, ez zeudelako egoki jarrita. Zenbait neurri berri erabaki dira orain, eta arau horiek betetzen ez dituztenekin lehen bezala joka dezakete berez: isunak ezarriz. Orain Jaurlaritzak dio poliziek gehiago joko dutela pedagogiatik, baina ni ez naiz horrekin fio. Poliziaren aldetik bi jarrera posible eta desberdin dira, batetik, norbaitek arau bat haustean zuzenean zigortzea, eta bestetik, norbaitek arau bat haustean pertsona horri galdetzea eta, gero, besterik gabe, arauen inguruko azalpenak ematea.

Aukerazko bi jarrera dira eta biak har ditzakete polizia-agenteek; lehen bezala, aukera bat da aurreneko jarrera. Esango nuke, gainera, Barne Sailak emandako jarraibideen arabera hartuko litzatekeela jarrera bat edo bestea, eta bestalde, nire ustea da, orokorrean eta pandemiatik harago, pedagogia falta izugarria dela polizien aldetik. Zigorrerako eta errepresiorako joera dira nagusi haien jarreran.

Zer esan dezakegu aurrera begira jarriz gero?

Ni ez naiz aditua eta ez naiz gai esateko zein bilakaera izango duen COVID-19ak, baina legearen eta boterearen erabileraren inguruko hainbat gogoeta egin ditut. Saldu digutena da seguru aski hainbat hilabetez luzatuko dela alarma egoera, baina horrek ez duela esan nahi une honetako neurri berdinak izango direnik indarrean denbora guztian. Esan digute erkidego bakoitzak ikusiko duela datuak zer nolakoak diren eta horren arabera egokituko dituela neurriak; gauzak txarrera badoaz, asteburuko itxialdietarako eta itxialdi orokorretarako aukera hor dago.

Nik ez dakit zer gertatuko den, baina nire beldurra hau da: botereak beti erabiltzen ditu eskura dituen tresnak, bere boterea ziurtatzeko eta areago mantentzeko. Adierazi digute alarma egoera batean gaudela eta ez dutela beste eskubiderik murriztuko, eta hau pandemiarekin lotutako kontua dela soilik. Baina ni ez nago hain seguru. Ez dakit esaten zein auzi zehatz gehiagotan esku hartu dezaketen alarma egoeraren aitzakiapean, baina orokorrean, beti beldurtzen nau botere gehiegikeriak, eta botere gehiegikerietarako aitzakia bat izan daiteke larrialdi egoera bat; oinarri juridikoa duen aitzakia perfektua. Boterea erabili egiten da behar denean.