Identifikatzeko gakoak ardatz, Indarkeria Matxistari Buruzko V. Jardunaldietan

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 30a, 11:00
Gloria Vazquez eta Edurne Urbieta. (Dorleta Agiriano Lai)

Azaroaren 5etik 19ra izango dira aurtengo Indarkeria Matxistari Buruzko Jardunaldiak, eta online egingo dituzte saio guztiak. Norma Vazquez, Pablo Nieva eta Maria Naredo arituko dira saioetan.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da azaroaren 25ean, eta horren harira, aurten ere Indarkeria Matxistari Buruzko jardunaldiak prestatu ditu Zarauzko Parekidetasun Sailak, bosgarrenez. Aurten, pandemia dela eta, desberdina izango da formatua, eta online izango dira saio guztiak. Hiru saio egingo dituzte orotara, azaroaren 5ean, 12an eta 19an, ordu berdinean: 19:00etatik 20:30era.

Edizio honetan "indarkeria matxista atzemateko konplexutasunean sakontzea" izango da helburua, eta galdera bat izango da oinarri: "Ba al dakigu indarkeria matxista identifikatzen?". Galdera horren inguruan "hausnartzea eta indarkeria hautemateko pautak ematea" bilatuko dute jardunaldietan, "arreta berezia jarriz nerabeengan eta gazteengan". Bestalde, "emakume biktimen aurrean gizarteak duen jokaera aztertuko" dute saioetan, eta "erreparaziorako eskubideari buruz" ere arituko dira, "indarkeriaren ondorioak" aztertuta.

"Gizarte osoari zuzendutako jardunaldiak" antolatu dituztela dio Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak, baina "bereziki hainbat kolektibori": "Irakasleei, ertzainei, udaltzainei, gizarte-langileei, osasun-langileei...".

Jardunaldietan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, posta elektronikoz (emakumeen-etxea@zarautz.eus) edo telefonoz deituta (943 005 117). Esteka bat helaraziko zaie izena ematen dutenei, eta hor sartu beharko dira online saioak entzuteko eta haietan parte hartzeko.

Hiru hizlari

Edurne Urbieta Parekidetasun teknikariak azaldu duenez, hiru adituren eskutik izango dira hiru hitzaldiak. Batetik, "indarkeria matxistaren adierazpen desberdinak identifikatzeko" pauten inguruan hitz egingo du Norma Vazquezek aurreneko saioan, eta "tratu onetan oinarritutako harremanak bultzatzeko funtsezko elementuak zeintzuk diren" hausnartuko du. Bestetik, "haurrengan eta nerabeengan haien amek jasaten duten indarkeriak duen eragina" aztertuko du Pablo Nievak, eta "nola aldatzen diren egoera sozial, biologiko eta emozionala tratu txarren eraginez". Azkenik, "tratu txarrak jasaten dituzten emakumeek erreparaziorako duten eskubidea" eta horretan "gizarteak izan beharko lukeen jarrera" landuko dute hirugarren hitzaldian, Maria Naredoren eskutik.