Indarrean dagoen araudia kontuan hartuta, tabernek ondo baliatu beharra daukate bezeroek eserita kontsumitu ahal izateko daukaten espazioa. Ostalarien egoera zaila dela eta, Zarauzko Udaleko Herrilan separtamenduak terrazen 120 lizentzia baino gehiago aztertu eta erantzuna eman die.
Iker Basurko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Arloko zinegotziak "erantzun arinagoa" ematea gustatuko litzaiekela adierazi du, baina "ohiko lan-kargak, egungo egoerak baldintzatuta gainera", eragotzi egin diela. Hala ere, hobetzen jarraitzeko asmoa agertu du. Udalaren asmoa laster terrazak eta beladoreak arautzeko ordenantza eguneratzea da. Zirriborroa nahikoa aurreratuta dagoela azaldu du Basurkok, baina hausnartzea eta zirriborro horri ekarpenak egitea beharrezkoa dela uste du zinegotziak. "Interesa duten guztientzat beraien ekarpena egiteko unea da".
Ostalariek eta bestelako herritarrek "enpatiaz" jokatu behar dutela azaldu du. "Eskaini nahi dugun eta elkarrekin bizitzeko nahi dugun Zarautzen inguruan hausnartu behar dugu. Datozen egunetan Udalak azterlan bat eskatuko du, ordenantza berri horretan udalerriko terrazak eta beladoreak hobetzeko aukerak jaso ahal izateko, ostalariek beren instalazioei etekin handiagoa atera ahal izateko eta herritarrak urtean denbora gehiagoz kanpoan erosoago egon daitezen. Datozen egunetan proposamenak eskatuko dizkiegu gure inguruko enpresei. Ostalaritzarako lagungarri izateaz gain, eskaerak kudeatzeko etorkizuneko izapideak bizkortzeko balioko digu,
eta, bestalde, herriaren irudi orokorra eta estetika zaintzea ere bilatzen dugu".