Azaroan ere ikuskizunak izango dira Modelon

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 3a, 09:47
(David Hernandez)

Modelo aretoan hainbat antzezlan ikusteko aukera izango da azaroan, eta bakarrizketa bat nahiz dantza ikuskizun bat ere prestatu ditu Kultura Sailak. Sarrerak online eskura daitezke jada.

Momentuz, aurrera doaz udazkeneko kultura ekimenak Zarautzen. Modelo aretoan hainbat saio antolatu dituzte azarorako; tartean, hiru antzerki emanaldi, bakarrizketa umoretsu bat, dantza ikuskizun bat eta Euskaraldiarekin lotutako bertso saio tematiko bat.

Ostiral honetan, azaroak 6, emango diote hasiera hilabeteko egitarauari: Aukera dantza konpainiaren eskutik, Biz Hitza dantza emanaldia izango da Modelon, 20:00etan hasita. Hurrengo asteetan, bestalde, hiru antzezlan ikusi ahal izango dira: Ni munduko txarrena musikala azaroaren 13an, haurrei zuzendutako Safari lana azaroaren 22an, eta Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal aktore eta ipuin kontalariak sortutako Erradikalak ginen ikuskizuna azaroaren 25ean. Bakarrizketa umoretsu bat ere egingo dute Modelon: azaroaren 20an Txor-Txor bakarrizketa izango da, "euskaldunek eguneroko egoeretan dituzten harremanei buruzko gogoeta" sustatzea asmo duena. Horretaz gain, eta egitaraua borobiltzeko, Euskaraldiarekin lotutako bertso saio tematikoa prestatu dute. Azaroaren 27an izango da, Nahi dugu hitz eta jolas izenpean.

Udazkenean erdira jaitsi dute edukiera Modelon. Emanaldi bakoitzerako sarrerak eskuragarri daude jada, eta online eros daitezke tickets.kutxabank.es plataformaren bidez. Txartel-leihatilan ere egongo dira salgai ikuskizun bakoitzaren egun berdinean.

Udazkeneko kultura ekimen guztiak ikusteko, egin klik hemen

Erlazionatuak

Udazken koloreak oholtza eta koadroetan

Dorleta Agiriano Lai 2020 ira 30 Zarautz