Semaforo gorria piztuta Zarautzen

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 3a, 13:35

Hamar positibo berri atzeman zituzten atzo Zarautzen. Hala, gaur-gaurkoz, 635,17koa da 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua. Urola Kostan gora egin dute berriro kasu berriek: 46 zenbatu zituzten atzo.

Pandemiaren bigarren olatu honetan ez dago atsedenerako tarterik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste hamar kasu zenbatu dituzte Zarautzen (93 kasu dira azken zazpi egunetan). Atzo 100 biztanleko hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 600etik gertu kokatu bazen (564,54), atzoko positiboak gehituta, gaur-gaurkoz, 600etik gorakoa da intzidentzia tasa (635,17). Hala, semaforo gorriak piztuta jarraitzen du herrian.

Urola Kosta eskualdean 46 positibo berri atzeman zituzten atzoko probetan. Azkoitian asko igo dira kasuak egun batetik bestera; Zumaian, aldiz, beherakada nabarmena izan du.

Hemezortzi kasu atzeman zituzten atzo Azkoitian, aurreko hiru egunetan zenbatutakoa adina –40 kasu izan zituzten ostiraletik iganera bitartean–. Urriaren 28ko datuetara joan behar da antzerako igoera bat aurkitzeko. Egun horretan 15 kasu positibo izan zituzten herrian. Datu hauen ondoren 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 1.326,22 da.

Azpeitian, berriz, zortzi kasu positibo zenbatu zituzten atzo, bezperan baino bost gehiago, baina ostiralean atzemandako 24 kasuetatik urrun. Intzidentzia tasa 1.481,24 da une honetan.

Gorriz jantzita jarraitzen du Zumaiak, eta eskualdeko bigarren intzidentzia tasa handiena du, Errezilen atzetik, 1.923,66ko kopuruarekin. Hala ere, bi astez olatuaren aparrean egon ondoren, eta pasa den astean baheketa selektiboa izan ondoren, badirudi atsedenaldi bat dutela. Izan ere, bi kasu besterik ez zituzten atzo atzeman Zumaian, asteburuan izandako 36 kasuetatik urruti.

Eskualdeko beste lau herritan ere positiboak atzeman zituzten atzo: hiruna Zestoan eta Orion, eta bana Aian eta Aizarnazabalen; Beizaman, Errezilen eta Getarian, aldiz, ez zen kasurik izan.

Hego Euskal Herrian ere gorantz jarraitzen du kasu positiboen zenbaketak. 1.525 kasu positibo atzeman zituzten atzo.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.886 proba egin zituzten atzo, eta 1.120 positibo detektatu zituzten. Bizkaian izan zituzten kasu gehien, 506; Gipuzkoan 490 kasu izan ziren, eta Araban 113. Hiru lurraldeko datuak batuta, intzidentzia tasa 715,76koa da. 

Ospitaleratuei dagokionez, beste 73 lagun eraman zituzten hiru lurraldetako ospitaletara. ZIUn, gaur egun, 106 lagun daude. 

Nafarroan beste 525 kasu izan zituzten egindako 4.505 probetan. Tamalez, beste sei lagun hil ziren atzo Nafarroan birusaren eraginez.