Mendira joateko alboko herrira autoz ezin dela joan zehaztu du Ertzaintzak

Zarauzko Hitza 2020ko aza. 3a, 16:09
Hernioren lepoa, iazko iraileko igande batez. (Hitza)

Norberaren bizileku den herriaren barruan mugitu daiteke autoz, baina alboko herrira ezin da joan, arrazoia bada mendira joatea.  

Astebete baino gehiago igaro da Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko neurri murriztaile berriak indarrean jarri zituenetik. Ordutik, neurriak betetzeko garaian herritarrek zituzten zalantzak argitze aldera, horiek interpretatzeko irizpideak kaleratu dituzte Ertzaintzak eta Jaurlaritzak berak. Baina, oraindik ere, ez dirudi herritarrek gauza guztiak garbi dituztenek; mendira joateko garaian, esate baterako. Horregatik, hainbat zehaztapen egin ditu Ertzaintzak.

Har al daiteke autoa norberaren bizileku den udalerriko mendi batera joateko?

Bai, norberaren udalerrian ibil daiteke autoz.

Joan al daiteke mugakide den udalerriko mendi batera?

Bai, baina hara joateko ezin da autorik hartu, alegia, norberaren bizileku den udalerritik oinez joan beharko da mugakide den udalerriko mendi horretara.

Zer hartzen da udalerri mugakidetzat?

Bizileku den udalerritik errepidez zuzenean sartzen den herria; tartean beste udalerri bat pasa behar bada, ez da mugakidea. Mendiz mugakidea izan arren, errepidez ez bada, ez da hartzen mugakidetzat.