'Hondar ahoak', kameren atzetik

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 4a, 21:06

Hainbat zarauztar aritu dira lanean gaur gauean 'Etb 1'en estreinatuko duten 'Hondar ahoak' telesailean, eta Zarauzkohitza.eus-ek horietako birekin hitz egiteko aukera izan du.

Aktorea da Iraia Elias, eta zuzeneko soinuaren erregistroaz arduratzen da Alazne Ameztoi. Biak aritu dira lanean gaur estreinatuko den Txintxua films ekoiztetxearen Hondar ahoak telesailean, eta elkarrengandik oso ezberdinak diren ikus-entzunezkoen bi aurpegi ezagutzen badituzte ere, bat datoz biak zerbaitetan: oso profesional onek egindako lana da Hondar ahoak.

Herri txiki batean gertatzen den polizia thrillerra da gaur estreinatuko dena. "Desagerpen batetik hasten da istorioa, baina horrek usain txarra hartuko du zentzu askotan, eta protagonistak joango dira hor dauden hutsuneak eta galderak ikertzen", azaldu du istorioaren ardatza Eliasek. Itziarren azalean sartu da aktorea lan honetan; herri txiki horretako ertzaina da Itziar. Desagerpenak eta atzetik datorrenak erdian harrapatzen du, eta pixkanaka ikerketan sartzen joango da bera ere. 

Hitzak neurtu nahi izan ditu Eliasek azalpenak ematerakoan, ikus-entzuleari zer gozatua uzteko. Dena den, aitortu du berak oraindik ez duela emaitza osorik ikusi, eta urduritasun puntuarekin dago, 22:30 noiz iritsiko zain. Azaldu du "itxura ona" hartzen diola estreinatzear denari, eta, parte hartu duen lehen telebistarako lana dela jakinda, horretaz galdetzean azpimarratu du lana "oso azkar" egin dutela ezagutu dituen bestelako lan mota batzuekin alderatuta. "Lau orduko telesail bat atera da prozesu oso azkar batetik. Horrek esan nahi du grabaketa ere oso azkarra izan dela, eta horrelakoetan ez du ematen lana nahi bezala goxatzeko aukerarik, ez aktoreoi, ezta talde tekniko guztiari ere. Nik astebetez grabatu nuen, baina teknikari asko egon ziren lanean erlojuaren aurka", azaldu du aktore zarauztarrak. 

Aipatutako teknikari horietako bat da Alazne Ameztoi zarauztarra. Zehazki, zuzeneko soinua jasotzeaz arduratzen da Ameztoi, eta bat dator Eliasekin azkartasunaz duen iritzian. Lana oso azkar egin behar izatea izan da Ameztoirentzat erronka handiena. "Ordu eta erdiko edo bi orduko pelikula bat grabatzeko zazpi edo zortzi aste izan ohi ditugu, eta hemen 50 minutuko lau atal lau astean grabatu ditugu. Denboraren erdia, lan bikoitza egiteko. Plana ikustean uste genuen ezinezkoa izango zela", jakitera eman du. Telesaila ikusgai egotea posible izateko aktoreen "lan aparta" goraipatu du Ameztoik, baita lantalde osoaren "inplikazio oso handia" ere. "Emaitzarekin oso gustura gaude, baina lanerako beste erritmo bat eduki izana gustatuko litzaidake, ez delako oso erreala egin duguna", gaineratu du.

Soinuan aditua izanik, polizia thriller batean alderdi horrek duen pisuaz galdetzean, Ameztoik argitu du postprodukzioan bilatzen direla soinuaren tonoa eta giroa. Xanti Salvador izan da Hondar ahoaken horretaz arduratu dena, eta azpimarratu du Aitor Etxebarriaren musikak ere garrantzia handia hartzen duela. "Nire lana da dialogoak ahalik eta garbien jasotzea, lekuak uzten baldin badu giro soinuak hartzea... kasu honetan apur bat kontrakoa izan da, bertako giroak kendu egin ditugu beste giro berri batzuk sortzeko, bertan zeudenek istorioaren tonoari ez ziotelako ekarpenik egiten". 

Alaznek lehen kapitulua ikusteko aukera eduki du, eta azaldu du gainontzeko atalak prozesuan daudela. "Lehen kapituluak hartu digu denbora gehien, zailena izaten delako hasieran nahi den tonoa topatzea". Egindako lanarekin gustura dagoen arren, urduri dago Ameztoi ere, eestreinaldiak izango duen harrera ezagutzeko gogotsu.