Edertasuna galdera-ikur artean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 6a, 09:00
Besteak beste, Antonio Mantaren argazkiak erakutsiko dituzte aurten. (Antonio Manta)

Atzotik, ikusgai da Sanz Enean XXVIII. Nazioarteko Argazki Mostra. Jota Barros, Maria Jose Cueli, Antonio Manta eta Lander Rezolaren lanekin osatu dute bilduma berria.

Zarauzko Argazkizale Elkarteak 1993. urtetik prestatzen du Nazioarteko Argazki Mostra, urtero-urtero. Oraingoan ere heldu diote erronkari elkarteko kideek: "Aurten gure bizimoduek erabateko aldaketa jasan dute, eta horrek bere eragina izan du Argazkizale Elkartearen jardueran ere. Betiko izango zela uste genuen  hori etengabeko 'agian' bat bihurtu da;  lehen ziurtasun zirenak, orain posibilitate besterik  ez dira. Baina, hala eta guztiz ere, ahalegin berezia egin dugu lanean jarraitzeko eta oztopoak gainditzeko, eta artearen bidez jarduerari berrekiteko".

Hogeita zortzigarrena izango da udazken honetan jendaurrean erakutsiko duten Mostra, eta Argazkizale Elkarteko kideen esanetan, "argazkilariaren begiradak betikotutako lekuen, momentuen, bizidunen, oroitzapenen eta emozioen edertasuna" barne hartuko ditu argazki bilduma berri honek.

Atzo, azaroak 5, aurkeztu zuten XXVIII. Nazioarteko Argazki Mostra, arratsaldean. Ohi bezala, Sanz Enean izango da ikusgai irudi bilduma, urtarrilaren 17ra bitartean. Egunero izango da erakusketa ikusteko aukera, bi orduz, 18:00etatik 20:00etara. Dena den, Argazkizale Elkarteak iragarri duenez, Sanz Enea itxita egongo da abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean.

Lau ikuskera

Aurtengo edizioan lau artistaren argazkiekin osatu dute Mostra. Hain zuzen, Jota Barros, Maria Jose Cueli, Antonio Manta eta Lander Rezola argazkilarien lanak jaso dituzte.

Argazkizale Elkarteko kideen esanetan, "1930eko hamarkada urrun hartan sortutako argazkilaritza gogorarazten dute" Rezolaren lanek. "Jakin-min handia sentitzen du gauza arruntekin, eguneroko gertakariekin eta gure ibilian lagatzen dugun aztarnarekin", diote. Hala ere, Mostran bildu dituzten argazkiak "proiektu intimo eta pertsonalago baten" parte dira.

Mantak "emakumeei egindako omenaldi xume bat" ere izango da ikusgai Sanz Enean. "Argazkilari naizenetik, beti behatu izan dut haien lana, haien indarra eta jarduera guztietan zabaltzen duten maitasuna.Proiektu honekin, balioa eman nahi nioke haien edertasunari, baina ez ohituta gauden estetikari, baizik eta haien keinuen, haien begiraden edertasunari", azaldu du.

Bestalde, Cueliren hainbat lan bildumatu dituzte aurten. "Maila errealetik harago, irudimenezko alderdia askatzea eta mundu sotilak, ametsezko unibertsoak sortzea maite dut. Aukerak izugarriak dira, nik gainazala harramazkatu besterik ez dut egin, zulotxo bat aurkitu eta bertatik sartu eta gozatzeko", adierazi du egileak.

Azkenik, Mostra berria biribiltzeko, Barrosen irudiek ere apainduko dituzte erakusketa aretoko hormak. Irakaskuntza profesionalean aritu da galiziarra 2014tik: "Irakaskuntza, nire ustez, ezagutzen transmisio hutsa gainditzen duen prozesua da. Argazkilaritza, berriz, irudiak harrapatzea baino zerbait gehiago, biek aukera eta aitzakia ematen digutelako besteekin eta inguratzen gaituen munduarekin konektatzeko".