Eusko Jaurlaritzak debekatu egin du kirola taldean egitea

Julene Frantzesena 2020ko aza. 6a, 11:33

Hemendik aurrera ezingo da taldean lasterka egin nahiz bizikletan eta patinetan ibili, baina paseoak eman ahal izango dira, gehienez sei pertsonako taldeetan. Bestalde, herri mugakideetara autoz joan ahal izango da bertan kirola egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak neurri berriak iragarri ditu, kaleratu duen dokumentu baten bidez. Han jaso duenez, ezingo da taldean lasterka egin eta taldean bizikletan zein patinetan ibili. Beraz, kirola bakarka egin beharko da, eta txirrindulariak eta korrikalariak taldean ibiltzea debekatuta egongo da. Hala eta guztiz, taldekako paseoak baimenduta egongo dira, baina ezingo da sei pertsonako muga gainditu. Gainera, maskara derrigorrezkoa izango da taldekako paseoetan, eta elkarren arteko kontaktua saihestu beharko da.

Bestalde, dokumentuan nabarmendu dutenez, herri mugakideetara autoz joan ahal izango da bertan kirola egin ahal izateko, eta mendiko paseoetan ez da maskararik eraman beharrik izango. Horrez gain, kirolari profesionalen eta erdi-profesionalen kasuan, taldekako kirola baimenduta egongo dela adierazi zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren arratsaldeko bileraren ostean eman zuen prentsaurrekoan. Hala ere, sei pertsonako taldeak baimenduko dira gehienez gimnasioetan, kiroldegietan, kirol klubetan nahiz igerilekuetan, eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da leku horietan. Bestalde, kirol ekitaldietara joatea ere debekatu du Jaurlaritzak.