1-
Haurra nintzela izan nituen
zurekin lehen harremanak
Oraindik ere gogoan ditut
orduan bizi izanak
Udaran bereziki
zuregana atxiki
ta borobilduaz planak
etengabeko jolas saioak
gozatuz zure andanak (bis)
2-
Zure jarreran ezaugarria
Orain gora, gero behera
Horren zergatia izanikan
garaiaren arabera
Batzuetan barea
haserrerik gabea
Ta handik pixka batera
hortza zuriak erakutsiaz
oso bortitza jarrera (bis)
3-
Hainbat unetan urruntzen zara
ohi den baino gehiago
Ilargiaren eraginez da
Horretaz ni ziur nago
Egoera horretan
gu gustura,benetan
Alderatzerik ez dago
Ibilaldiak eta jolasak
osatuz erosoago (bis)
4-
Orokorrean zure laguntza
da aitortu behar dena
Zeren bestela geldituko zen
gure bizitza herrena
Zurea da ardura
jarriz gure eskura
beharrezko den jatena
Aurrez goxoki zaindu ondoren
Aberatsa da lorpena (bis)
5-
Derrigorrean esan behar dut
orain egia osoa
Ulergaitza izango da baina
zu zara gazi-gozoa
Gazia izaera
Gozoa jokaera
Batezbeste erosoa
Argi ta garbi geldi dadila
Esker anitz itsasoa!! (bis)