Martxan da 39. Xabier Lizardi literatura saria

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 10a, 16:00

7-12 urte arteko irakurleei zuzendutako ipuinak jasoko dituzte aurtengo sariketan, urtarrilaren 29ra bitartean. Datorren urtean beteko dira 125 urte Xabier Lizardi jaio zenetik.

Abian da Xabier Lizardi literatura sariaren 39. edizioa. Kultura Sailak azaldu duenez, "oinarriz haur eta gazteentzako saria izan arren, haur literatura saria izango da aurtengoa"; hala, "7-12 urte arteko irakurleei zuzendutako" lanak jasoko dituzte oraingoan.

Parte hartzaileek urtarrilaren 29ra arte izango dute zabalik haien lanak aurkezteko epea. Sanz Enean jasoko dituzte idatziak, baita posta elektronikoz (kultura@zarautz.eus) ere. "Lanak jatorriz euskaraz idatziak izan behar dira, originalak, argitaragabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak", zehaztu du Kultura Sailak. Bestalde, gogorarazi du ipuin bat baino gehiago aurkez ditzakeela egile bakoitzak. 4.000 eurokoa izango da saria, eta udalak argitara emango du lan saritua, "marrazkiez ederturik".

Datorren urtean, 2021, 125 urte beteko dira Xabier Lizardi jaio zenetik, eta haren omenezko sariketaren 40. edizioa izango da. Irune Urbieta Kultura zinegotziak iragarri du "aldaketa sakonak" izango direla hurrengo urteko lehiaketan.

Irakurri sariketako oinarri guztiak, hemen