Etxera eramateko janaria prestatzen ari diren establezimenduen zerrenda osatuko dute

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 11a, 16:30

Martxan dauden ostalaritza establezimenduen zerrenda egiten ari dira, eta dei egin diete zerbitzua ematen jarraitzen duten lokalei izena ematera.

Eusko Jaurlaritzak aurreko astean ezarri zituen neurri murriztaile berriak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta besteak beste, ostalaritza lokalak ixtea agindu zuen. Dena den, Zarauzko hainbat establezimenduk martxan jarraitzea erabaki dute, etxera eramateko janaria prestatuz. Hala, lokaletan bertan janaria jasotzeko aukera eskaintzen ari dira hainbat establezimendu, eta beste batzuk, etxeraino eramateko zerbitzua ere abiatu dute.

Jardunarekin aurrera jarraitzen duten lokalen zerrenda osatzen ari dira orain Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkartea eta Zarauzko Udala, eta izena ematera dei egin diete zerbitzua ematen ari direnei. Posta elektronikoz (garapena@zarautz.eus) edo telefonoz deituta egin daiteke izen-ematea. Behin zerrenda osatzean, honako helbidean egongo da ikusgai: www.zarautz.eus.