11 positibo berri zenbatu zituzten atzo Zarautzen

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 11a, 13:41

Intzidentzia tasa apur bat jaitsi da Zarautzen, baina oso altua da oraindik ere. Gaur 879,79koa da Osakidetzak eguneratutako datuen arabera, eta 884an zegoen atzo.

Osakidetzak eguneratutako datuen arabera, 11 koronabirus kasu berri zenbatu zituzten atzo Zarautzen. Igoerak kezkagarria izaten jarraitzen du, baina aurreko egunetako datuekin aldatuta bareagoa da zifra berria (herenegun eta horren aurrekoan 21 eta 20 kasu zenbatu zituzten, hurrenez hurren). Hamalau eguneko 100.000 kasuko positibo metatuen kopuruari dagokionez, jaitsiera apal bat izan du zifrak. 879,79koa da tasa Zarautzen azken datuen arabera, eta atzo argitaratutako datuetan 884koa zen. Azken asteko datuak gehituta, guztira, 109 herritarrek eman dute positibo PCR proban Zarautzen.

Eskualdera begira jarrita, egun eta herri batzuetan gora, besteetan behera, baina uda garaitik ez da egunik izan positiborik gabe eskualdean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian emandako datuen arabera beste 53 positibo zenbatu ditu eskualdean. Bezperako datuekin alderatuta positiboen jaitsiera nabarmena izan da Urola Kostan, asteartean baino 31 kasu gutxiago izan direlako. Hego Euskal Herrian ere behera egin du positiboen kopuruak, nahiz eta Nafarroan gora egin duen.

Azkoitian eta Azpeitian behera egin du positibo eman duten pertsonen kopuruak. Herenegun hogeitik gora positibo detektatu zituzten herri horietan; atzo, berriz, 11 kasu izan ziren Azpeitian eta hamar Azkoitian. Azken herri horrek du kasu metatuen tasa handiena –Errezilen ondoren–, 1426,31ekin. 

Orion eta Zumaian, berriz, gora egin du positiboen kopuruak. Orion lau kasu izan zituzten herenegun eta zazpi atzo; Zumaian bostetik zortzira igo da. Zestoan, berriz, lau kasu izan zituzten atzo –bezperan baino bat gutxiago– eta Getarian bi –astelehenean baino bat gehiago–. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zen atzo positiborik egon.

Hego Euskal Herrian beherantz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beherantz egin du positibo eman dutenen kopuruak. Egindako PCR eta antigenoen 17.890 probatan 1.401 positibo atzeman zituzten; egindako proben %7,8k eman du positibo. Bezperan 1.529 positibo zenbatu zituzten hiru lurraldetan. Bizkaian detektatu dituzte orain positibo gehien, 676; Gipuzkoan 569 kasu atzeman zituzten atzo, eta 142 Araban. Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren beste hamalau lagunek ere positibo eman zuten egindako probetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du ospitaleratutakoen datua berritu; bai, ordea, ZIUn daudenea. Datu hauen arabera, 133 lagun zeuden atzo hiru lurralde hauetako ospitaletako ZIUtan. 

Nafarroako Gobernuak ez du datu ofizialik eman, baina atzo beste 242 kasu izan zirela aurreratu du. Beste hiru lurraldetan ez bezala, datuek gora egin dute Nafarroan, 217tik 242ra, hain zuzen ere.