Olatu erraldoiak gozagarri

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 12a, 08:25
Andrew Cotton surflari ingelesa, eguneko olaturik handienetako batean (Argazkia: Ritxi Goya)

Urriaren bukaeran, surflariek historiako olaturik handienetakoak hartu zituzten Nazare hondartzan. Ritxi Goya argazkilari zarauztarra Portugalen izan zen, "naturaren ikuskizun paregabeaz" gozatzen.    

Epsilon urakanak aspaldiko itsasaldirik handiena eta garbiena bidali zuen Europa aldera orain aste batzuk. Hori dela eta, urriaren 29an, olatu erraldoiek dotore, askotan ez bezala, kolpatu zituzten hondartzak eta labarrak, lehorreko haizeak lagunduta.

Egun batzuk lehenago, itsas iragarpenek argi adierazi zuten ekaitzak eragin zezakeena, eta bi aldiz pentsatu gabe, autoa hartu eta Portugalera bidean jarri zen Ritxi Goya argazkilari zarauztarra. «Bost urte badira Nazare hondartzara urtero joaten hasi nintzenetik, olatu erraldoiei argazkiak egitera edo bideoak grabatzera. Askotan, iragarpen meteorologikoak ez dira argiak izaten, eta zalantza egiten dugu, bidaiak mereziko ote duen beldur», azaldu du argazkilariak. 

Azken itsasaldian, aurreikuspenek bete-betean asmatu zuten, eta surflariek aspaldiko olatu handienetakoak hartu zituzten, uretako motoen laguntzarekin. «Anaia eta biok askotan izan gara Nazaren, eta, zalantzarik gabe, Epsilon urakanak sortutako itsasaldia izan da inoiz ikusi dugun handiena», dio Goyak ziurtasunez.


Historiako olatu handiena


Batzuetan, enkargu edo proiektu jakin baterako irudiak hartzera joaten da Goya Nazarera.  Oraingo honetan, ordea, helburu zehatzik gabe egin zuen bidaia. «Nazaren olatu erraldoiak daudenean, ikuskizunak ez du parekorik; naturaren opari bat da. Niretzat, hara joatea, Niagarako ur jauziak bisitatzea edo tankerako esperientzia bat da. Zaila da hitzekin deskribatzea», azaldu du Goyak. 

Zarauztarraren iritziz, litekeena da oraingoan surflariek markak hautsi izana. «Tamaina jakin batetik gora, oso zaila da olatuak neurtzea; ia ezinezkoa, proportzioak galdu egiten direlako. Hala ere, posible da azken itsasaldian historiako olaturik handienetakoak hartu izana. Hori zioten han bildutako adituek», ekarri du gogora. 

Izan ere, Epsilon urakanak punta-puntako surflariak bildu zituen Portugalen, «munduko onenak». Uretan ibili ziren, besteak beste, Kay Lenny hawaiiarra, Lucas Chumbo eta Maya Gabeira brasildarrak eta Justine Dupont frantziarra. 

Itsasaldi handiaren egunean, Goyak egun osoan jardun zuen kamerarekin: «Goizeko zazpietarako hondartza ondoko labarrean nengoen, eta ez nintzen geratu ere egin seietan ilundu zuen arte. Argazkiak eta bideoak egin nituen». 


Tentsio uneak


Ezbehar larririk gertatu ez bazen ere, izan ziren tentsio uneak egunean zehar. «Nazaren gertatzen den orok du dimentsio handia. Halako egunetan, surflariak olatuan erortzen direnean, denbora asko egiten dute ur azpian, eta kosta egiten da apar artean non ateratzen diren ikustea», dio harrituta. Hala, erreskate pare bat ikusgarriak izan zirela nabarmendu du.


Masifikazioa


Ikuskizunak erakarrita, sekula baino jende gehiago elkartu zen Nazaren egun hartan, astegun buruzuria izan arren. «Ikaragarria iruditu zitzaidan, aurretik ez nuen halakorik ikusi», adierazi du zarauztarrak. Egun gutxira, Nazaren surf egitea galarazi egin zuten Portugaleko agintariek, jende pilaketek osasun krisian izan zezaketen eraginak kezkatuta: «Ikusteko dago hurrengo itsasaldi handian zer gertatuko den».