"Historikoa izan zen atzoko garaipena"

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 12a, 19:01
Mikel Muguruza eta Mikel Ruiz, gaurko entrenamenduan. (Utzitakoa)

Anaitasunako jokalariak dira Mikel Muguruza eta Mikel Ruiz. Atzo Asturiasen gailenduta, Errege Kopara sailkatzea lortu du Azkoitiko futbol taldeak. Bi zarauztarrek ilusioz begiratzen diote esku artean duten erronka berriari: abenduaren 16an jokatuko dute lehenengo kanporaketa.

Errege Kopara sailkatu berri da Azkoitiko Anaitasuna futbol taldea: 0-2 irabazi zuen atzo Real Titanico taldearen aurka, Asturiasen. Hala, Errege Kopako aurreneko kanporaketa jokatuko dute gorrixek, eta Lehen Mailako talde batekin neurtuko dituzte indarrak abenduaren 16an. Datorren astelehenean izango da zozketa, eta orduan jakingo dute zein aurkari izango duten parez pare.

Anaitasunako jokalariak dira Mikel Ruiz (1995, Zarautz) eta Mikel Muguruza (1997, Zarautz). Atezaina da Ruiz eta aurten du lehenengo urtea Azkoitiko taldean. Muguruzak, aldiz, bigarren urtea du jada, eta eskuineko hegaletik aritzen da burubelarri.  Errege Koparen lehenengo kanporaketan borrokatzeko txartela eskuratu izana "Azkoitiarentzat historikoa" izan dela azpimarratu du: "Ez da edonolako lorpena izan".

Atzoko norgehiagokaren inguruan hitz egitean, Ruizek gogoan izan du "partidua jokatzeko ordua iritsi ahala" sumatutako "urduritasuna": "Partiduan sartzean, ordea, urduritasuna baztertzen saiatzen gara". Hain ezaguna ez zitzaien talde baten aurka, Real Titanico, aritu ziren atzokoan, baina hasieratik zuten argi nola egin aurre futbol zelaian: "Gure jokoa egitera atera ginen", dio Ruizek. Muguruzak dio bazekitela "nola eman mina" aurkariei eta "bultza egiten" jardun zutela azkenengo unera arte.

Muguruza "oso pozik" agertu da "bakarka nahiz talde osoak" egindako lanarekin, eta Ruiz ere "maila ona eman" zutelakoan dago. Anaitasunaren atea hutsean mantentzea lortu zuen atezainak. Min hartuta egon zen aurreko denboraldi osoa, belauneko lotailua hautsi baitzuen. Hortaz, honakoa "urte berezia" da zarauztarrarentzat.

Denboraldi desberdina

Abenduaren erdialdean egingo dute hurrengo urratsa Errege Kopan, eta bi zarauztarrek, tamalez, aurreikusi dute "zaila" izango dela harmailak beteta ikustea: "Pena izango da partidu hori zaleturik gabe jokatu behar izatea; bizitzan izaten den aukera bakar horietako bat da sailkatu izana eta abenduan talde handi baten aurka jokatzea, eta badirudi ez dela ikuslerik izango", dio Ruizek. Muguruzak oroitu du Azkoitiko Txerloian zelaitik "oso hurbil" izaten direla zaletuak, jokalariei adore ematen.

Anaitasunak iaz lortu zuen hirugarren mailara igotzea, eta pandemiak baldintzatutako denboraldia izaten ari da harentzat ere. Dena den, Ruizek nabarmendu du "zortea" izan dutela azken asteetan: "Jokatzeko eta gehien gustatzen zaiguna egiteko aukera izan dugu, behintzat". Muguruzaren esanetan, saiatuko dira datozen erronkei "ahalik eta ondoen" aurre egiten eta "futbolaz gozatzen".