Zarauzko Argazkizale Elkarteak martxan jarri du Ramon Serras argazki lehiaketa, bosgarren urtez jarraian. Erretratua izango da lehiakideek argazki bidez landu beharreko gaia, eta oraingoan ere, argazkizale nahiz profesionalek izango dute parte hartzeko aukera.
Zabalik dago lanak aurkezteko epea. Argazkizale Elkarteko kideek azaldu dutenez, gehienez lau argazki aurkeztu ahal izango ditu parte-hartzaile bakoitzak, paperean. Euskalduna tabernara (Kale Nagusia, 37) edo Turismo Bulegora (Nafarroa kalea, 3) eraman ditzakete haien lanak, azaroaren 22a baino lehen.
"Argazkilaritzaren arloan prestigioa duten hainbat pertsonak" osatuko dute V. Ramon Serras lehiaketako epaimahaia, eta abenduaren 18an emango dute haien erabakiaren berri. Egun horretan, Euskalduna tabernan izango da sari banaketa, 18:30ean. Horren ostean, Euskaldunan egongo dira ikusgai aurtengo sariketako zenbait argazki, urtarrilaren 31ra bitartean.
Bost sari nagusi
Argazkizale Elkartearen esanetan, ondorengo sariak banatuko dituzte aurten:
- Lehen saria: 600 euro eta garaikurra
- Bigarren saria: 300 euro eta garaikurra
- Hirugarren saria: 200 euro eta garaikurra
- Zarauztar onenaren saria (Turismo Bulegoak emandakoa):
- Lehen saria: 200 euro eta garaikurra
- Bigarren saria: 100 euro
Horrez gain, antolatzaileek "nahi adina accesit" emango dituzte, 100 euroko sariarekin.