Argiztapen artifizialaren lilura

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 13a, 12:03
(Ramon Garcia)

Ramon Garcia argazkilariaren erakusketa ikus daiteke Torre Luzean urtarrilaren 11ra bitartean. Argiztapen artifiziala aplikatzen du egileak hainbat ingurumenetan.

Ramon Garcia argazkilariaren irudiez osatutako erakusketa bisitatu daiteke Zarauzko Torre Luzean, 2021eko urtarrilaren 11ra bitartean. Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatutako erakusketa honek biltzen dituen irudiek badute berezitasun bat, eta da bere egileak argiztapen artifiziala erabili duela. horrek sortzen duen lilurarekin.

Argazkilaritzaren artea bere kasa ikasi duen profesionala da Garcia. "Amerikan eta Europan zehar izandako bizipen guztiek eman didaten esperientziak, eskuratu ditudan trebetasunek eta, noski, argazkilaritzarekiko pasioak ekarri naute momentu honetaraino".

Erretratuek osatzen dute ireki berri duten argazki erakusketa, argiztapen teknika berezia erabilita. Izan ere, argiztapen artifiziala erabili du Garciak irudiak sortzeko. "Argiztapen artifiziala hainbat ingurumenetan aplikatu eta horren emaitza erakusten dut nire lanean. Atzealdetik argi naturalak modeloa igurzten duen bitartean, argi artifizial kontrolatua aplikatuta, izaki hori nabarmendu egiten dut", dio Garciak erakusketarako sortutako testuan.

"Gustatzen zait pentsatzea Jaungoikoak naturan erakusten dizkigun kreazioetan parte har dezakegula; eta giza edertasuna kreazio horien parte da", gaineratu du egileak. "Era berean, oroitzapenerako pertsona bat islatzen saiatzen naiz; izan ere, pertsona batek berez bakarra den toki bat bereziago egiten du".

Argazki erakusketa atzo ireki zuten Torre Luzean, eta urtarrilaren 11ra arte bisitatu ahal izango da, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.