Lau positibo berri zenbatu dituzte Zarautzen

Dorleta Agiriano Lai-Ihintza Elustondo 2020ko aza. 13a, 13:50
Abuztuaren 1etik atzora arteko kasuen bilakaeraren grafika.

Azken egunetan jaitsi egin da Zarautzen atzemandako kasuen kopurua, eta gaur-gaurkoz, 854,04koa da intzidentzia tasa. Abuztutik jasotako datuei erreparatuz gero, urriaren amaieran jo zuen goia positiboen kopuruak, eta ordutik, atzo zenbatu zituzten kasu berri gutxien.

Osakidetzak kaleratu ditu dagoeneko atzoko PCR proben eta test antigenoen emaitzak. Positiboek behera egin dute Zarautzen; izan ere, lau kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo. Herenegun bederatzi izan ziren atzemandako kasuak; asteartean hamaika, eta astelehenean, hogeita bat. Azken zazpi egunetan (azaroaren 6tik azaroaren 12ra), orotara, 94 pertsonak eman dute positibo Zarautzen. Aurreko astearekin alderatuta, behera egin du positiboen kopuruak: aurreko zazpi egunetan (urriaren 30etik azaroaren 5era) 105 kasu zenbatu zituzten, azken zazpi egunetan baino hamaika gehiago.

Goiko grafikoan ikus daiteke Zarautzen atzemandako kasu positiboek izan duten bilakaera, abuztuaren 1etik atzora arte. Gora egin dute COVID-19a atzemateko egindako probek, baita zenbatutako emaitza positiboek ere. Kasuek urriaren amaieran jo zuten goia: 22 positibo detektatu zituzten urriaren 30ean, eta 20 urriaren 31n. Hurrengo bost egunetan ez zen hamarretik jaitsi kopurua, azaroaren 6an berriz hurbildu zen gehieneko langara. Hain zuzen, hogei kasu berri zenbatu zituzten egun horretan, baita handik bi eta hiru egunera ere: hogei positibo izan ziren azaroaren 8an, eta 21 azaroaren 9an. Aurreko igandeaz eta astelehenaz ari gara, jada. Dena den, esan bezala, azken hiru egunetan behera egin dute emaitza positiboek.

Azken hamalau egunetako datuak kontuan hartuta, 854,04koa da 100 biztanleko positibotasun tasa Zarautzen. Hurrengo grafikoan jasota dago, abuztuaren 1etik atzora arte, 100.000 biztanleko intzidentzia tasak izan duen bilakaera Zarautzen, Zumaian eta Orion. Hiru erpin ikus daitezke grafikoan, nabarmen: abuztuaren amaiera aldera bat, iraileko azkeneko bi asteetan beste bat, eta azaroaren hasieran beste bat. Urriko hirugarren astetik aurrera etengabe egin du gora intzidentzia tasak, eta azaroko aurreneko astetik aurrera heldu da abuztutik hona erregistratutako puntu gorenera.

Zumaiari dagokionez, urriaren erdialdetik etengabe hazi da positibotasun tasa, eta urriaren amaieran kokatu zen 2000tik oso hurbil. Dena den, zenbatekoak behera egin du ordutik, eta une honetan, 1000tik gertu dago. Orion, aldiz, abuztuaren hasieran intzidentzia tasa hutsetik hurbil mantendu bazen ere, zenbatekoak joera gorakorra hartu zuen abuztuaren erdialdetik iraila hasi arte. Irailaren erdialdean gainditu zuen 500eko langa, eta hala mantendu zen urria hasi arte. Handik aurrera tasak behera egin bazuen ere, urriaren amaiera aldera ekin zion berriro gora egiteari, 1000ko tasara heltzeraino: abuztutik izan den tasa altuena zenbatu zuten Orion azaroaren 10ean: 1062,77.

Atzoko datuak, lurraldeka

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 17.061 PCR proba eta test antigeno egin zituen atzo —herenegun 16.338 izan ziren—, eta 1.052 izan ziren probetan positibo eman zuten herritarrak; hau da, positiboen ehunekoa herenegun baino txikiagoa izan zen atzo, %7,3koa, hain justu –%8,6koa izan zen herenegun–. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (653); ondoren, Gipuzkoan (619); eta azkenik, Araban (137). Gipuzkoak du intzidentzia tasarik altuena: 1113,36koa, hain zuzen ere.

Bestalde, ospitaleratutako erien datuak kezkagarria izaten jarraitzen du; 500 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan, eta atzo 60 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 134 pertsona daude hiru lurraldeetan.

Nafarroan, kutsatzeek pixka bat behera egin dute azken orduetan: atzo, 3.520 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 216 positibo atzeman ziren, bezperan baino hemezortzi gutxiago.