Iker Basurko: "Ostalaritzaren ondoan egon gara, gaude, eta egongo gara"

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 14a, 11:11
Iker Basurko EAJko zinegotzia

Ekonomia Garapen Jasangarriko zinegotziak hizpide izan ditu ostalaritza eta merkataritza sektoreei laguntzeko udalak egindakoa eta egitea aurreikusten duena, tartean beherapen fiskalak eta zuzeneko laguntzak.

Zarauzko Udalean Ekonomia Garapen Jasangarriko arduraduna da Iker Basurko EAJko zinegotzia. Elkarrizketa egin diote udaleko webgunean, eta bertan elkartasuna adierazi die ostalariei eta horiei laguntzeko udalak dituen asmoen berri eman du; baita orain arte emandako laguntzak azaldu ere. "Egia da ostalaritza gure bizitzako funtsezko zatia dela, gure harreman sozialen eta aisialdirako denborarena. Horregatik, ulergarria izan daiteke murrizketak ezartzea edo itxi behar izatea, orain gertatu den bezala. Hala ere, ezin gara itxieran edo debekuan gelditu, babesa eskaini behar dugu", adierazi du. "Egoera oso zaila da sektorearentzat, izugarrizko esfortzua egin dute protokolo eta segurtasun neurri guztiak betetzeko, eta espero dugu denbora gutxirako izatea eta laster euren jarduerara itzuli ahal izatea", gaineratu du.

Elkarrizketan esan du bera ere Zurekin-ek antolatutako protestan izan zela asteazkenean. "Oso harreman ona dut kaltetutako pertsona askorekin, eta badakite ondoan nautela. Zarauztarrekiko enpatia eta hurbiltasuna funtsezkoak dira udal kudeaketan dihardugun guztiontzat". 

Azpimarratu du osasun krisia hasi zenetik martxan dela udala, ostalaritza eta merkataritza sektoreei laguntzeko, eta datorren urtean areagotu egingo dituela laguntzak. "Hasieratik jarri genuen martxan Suspertze eta Eraberritze Bulegoa, eta ekintza plana osatu genuen herriko elkarteekin koordinatuta. Zuzeneko laguntza ekonomikoak eta kontsumorako bonuak jasotzen ditu besteak beste, eta gutxienez 2021urte osoan zehar horrelako gehiago egongo dira".  Datuak ere eman ditu Basurkok. Bere esanetan, 262 negoziok jasoko dituzte zuzeneko laguntzak, 230.000 euro inguru denera, eta negozio horietatik 80 dira ostalaritzakoak. "Udala Zarauzko ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorearen ondoan egon da, dago eta egongo da. Oso garrantzitsuak dira gizartearentzat eta ekonomiarentzat".

Laguntzak eta beherapen fiskalak

Hainbat puntu azaldu nahi izan ditu elkarrizketan Basurkok. Horietako bat, terrazengatik ostalariek ordaintzen duten kuota dago. "Kuotarik garrantzitsuena, udaldia barne hartzen duena, udalak hartu zuen bere gain", gogorarazi du. "Neguko kuota baxuagoa da, orain horren ordainketa pasako zaie, baina 2021eko aurrekontua onartu bezain laster beste laguntza eta beherapen fiskal batzuk jarriko ditugu martxan, eta horien artean, seguru, terrazak, uraren kontsumoa eta beste kontzeptu batzuk egongo dira", aurreratu du.

Horrez gain, jakinarazi du ostalari eta merkatari elkarteko bazkideen urteko kuotaren zati bat bere gain hartuko duela udalak. "Ez dugu nahi kuotaren ordainketa oztopo izatea inor elkartzeko".

Azkenik, azaldu du ikerketa bat eskatuko dutela terrazen eta beladoreen inguruan, "ostalariei erraztasunak eman nahi dizkiegulako urte osoan terraza eduki dezaten".