Zarauzko kaleetan Gabonetako argiak ikus daitezke jada, nahiz eta oraindik ez dituzten piztu; hain zuzen, azaroaren 28tik urtarrilaren 6ra arte izango dira piztuta. Zarauzko Udalaren arabera, 51.500 euroko kostua izango du argien muntaketak, eta orain arte, udalaren eta Murkil merkataritza elkartearen artean ordaindu da zenbateko hori. Aurten, baina, udalak osorik hartuko du bere gain.
"Badakigu gure ostalarien eta merkatarien egoera ez dela batere ona; horregatik, Zarauzko merkatarien Gabonetako argien kostuaren zatia gure gain hartzea erabaki dugu", adierazi du Ixidor Larrañaga Zarauzko zinegotziak. "Gabonetako argiekin, tokiko kontsumoa sustatzen dela eta herrian beharrezko poza sortzen dela baieztatuta dago. Ez dugu ezkortasunean erori behar bizi dugun egoeragatik", gaineratu du.