Sahararrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu dute

Zarauzko Hitza 2020ko aza. 17a, 14:02

Saharautzek ostegun arratsalde honetan elkarretaratzea egingo du udaletxe aurrean, sahararrei elkartasuna adierazteko. Izan ere, Marokoren eta sahararren arteko gatazka gaiztotu egin da azken asteetan.

Beste hainbat herritan egin bezala, Zarautzen ere saharar herriari elkartasuna adierazteko protesta egingo dute. Saharautz elkarteak antolatu du elkarretaratzea ostegunerako. 19:00etan da hitzordua udaletxe aurrean, eta herritarrak animatu ditu elkartasuna adieraztera sahararrei.

Azken asteetan asko gaiztotu da Mendebaldeko Saharako egoera. Marokoko militarrak herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guerguerat eskualdera sartu zirenean hasi zen kontua. Eskualde hori desmilitarizatua da, bost kilometro ingurukoa, baina Marokok militarrak hara bidaltzea erabaki zuen sahararren protesta bat desegiteko.

Dozenaka saharar urriaren 21etik ari ziren protestan Guergueraten, Marokok hango pasabidea darabilelako. Pasabide horrek 1988an sinatu zen Bake Akordioa eta baita Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio militarra urratzen dituela diote, akordio horietan zehazten delako Marokoko harresi militarrean ezin dela pasabiderik ireki.

Marokok, baina, militarrak bidali zituen protesta hori geldiaraztera. Ondorioz, Fronte Polisarioak hautsitzat jo du Marokorekin 1991n sinatu zuten su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki du.