Azken zazpi egunetako kopuru baxuena Zarautzen: hiru kasu atzeman dituzte

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 17a, 14:02

Atzo egindako probetan hiru lagunek eman dute positibo Zarautzen. Azken asteko kopuru baxuena da, baina semaforo gorriak piztuta jarraitzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, igandeko datuekin alderatuta, gora egin dute emaitza positiboek: 941 izan ziren atzo, eta 801 igandean.

Atzo, azaroak 16, COVID-19a atzemateko 10.631 proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emaitzen berri eman du jada, eta Urola Kostari dagokionez, nabarmen egin du behera atzemandako positiboen kopuruak. Duela zazpi eguneko (azaroak 9) probetan, eskualdeko 84 pertsonak eman zuten positibo. Atzokoetan, ordea, 29 izan ziren emaitza positiboak.

Igandeko probetatik eskuratutako datuekin alderatuta, Urola Kostako lau herritan hazi da kasu berrien kopurua: Azpeitian, Azkoitian, Orion eta Errezilen. Atzo, hain zuzen, hamaika kasu detektatu zituzten Azpeitian (igandean baino hiru gehiago), zazpi Azkoitian (igandean baino bi gehiago), zazpi Orion (igandean baino hiru gehiago) eta bat Errezilen (kasurik ez zen izan igandean). 14 eguneko kasu metatuen kopurua kontuan hartuz gero, gorriz margotuta jarraitzen dute aurreneko hirurek; alegia, Azpeitiak (1215,54ko intzidentzia tasa), Azkoitiak (1142,71) eta Oriok (1319,91). Hala ere, ez dira semaforo gorria piztuta duten eskualdeko herri bakarrak: egoera berdinean daude oraindik Zarautz (712,42) eta Zumaia (600,51) ere.

Dena den, Zarautzen nahiz Zumaian jaitsi egin da atzemandako kasuen zenbatekoa. Azken zazpi egunetako kopuru baxuena erregistratu dute Zarautzen, hiru kasu, eta azpimarratzekoa da Zumaian kasu bat bera ere ez dutela topatu. Azkenekoz, urriaren 12an geratu zen hutsean Zumaiako kontagailua. Bestalde, atzoko probetan ez zen emaitza positiborik izan Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian ez eta Zestoan ere.

941 positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Atzoko 10.631 probetan (igandean baino 322 PCR eta antigeno gehiago egin ziren) 941 positibo atzeman zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egun bat lehenago, igandean, 801 izan ziren. Positibotasun tasa %8,9koa da une honetan, eta %7,8koa zen atzo.