Marokoko Erresumaren eta Fronte Polisarioaren artean piztu berri den gerraren harira, adierazpen bateratua kaleratu dute Zarauzko Udala osatzen duten talde guztiek. Herri sahararrerekiko "zalantzarik gabeko" elkartasuna berretsi dute oharrean, eta bat egin dute duela urte askotik euskal gizarteak Sahararekiko erakutsi duen elkartasun korrontearekin. Udalaren esanetan, korronte horrek urteak daramatza exijitzen irtenbide politiko bat, "bidezkoa, iraunkorra eta alde bientzat onargarria, autodeterminazio erreferendum bidez Mendebaldeko Saharako gatazkari bukaera emango diona". Bestetik, saharar herriaren egoera salatzeko biharko deitutako elkarretaratzearekin bat egiten dutela adierazi dute. 19:00etarako finkatu du hitzordua Saharautz elkarteak, Lege Zaharren Enparantzan. Amaitzeko, erabaki dute udaletxeko balkoian Saharako bandera zintzilikatzea.
Kooperazio arloaren kezka
Patxi Elola Kooperazio arloko arduradun politikoaren iritziz "negargarria" da "1991 urteaz geroztik Nazio Batuek ezer egin ez izana behingoz bakea lortzeko". Haren iritziz, "nazioartean Saharako gatazka lozorroan uztearen ondorioa" da orain gertatzen ari dena. Gaineratu du Mendebaldeko Saharak Zarauzko herriaren eta udalaren elkartasuna izango duela, "orain arte bezala". "Zarauztar askok du bere bihotzaren zatitxo bat Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan", gaineratu du. Nabarmendu du Zarautz senidetua dagoela Hagunia herriarekin 1996az geroztik, eta Saharautz elkarteari esker urteak direla udan kanpamenduetako neska-mutikoak Zarautzera etortzen direla.