Euskaraldia 2020

Euskaraldian Zarauzko 'kontakizunak eta kantakizunak' zabalduko dituzte

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 18a, 13:53

Aurtengo baldintzak direla-eta ekitaldi gutxi egin ahal izango dira herrian. Hala ere, tarte bat eskaini nahi izan diete Euskaraldiko antolatzaileek herriko eragileei euskara sustatzeko Euskaraldian zehar.

Honako ekimen hau planteatu dute Zarauzko antolatzaile eta batzordekideek: Euskaraldian Zarauzko kontakizunak eta kantakizunak. Ariketak iraungo dituen hamabost egunetan, bideo bat zabalduko dute astean bitan. Hiru atal izango ditu ikus-entzunezkoak. Batetik, Zarautzen gertatutako istorio bat agertuko da, amaierarik gabea, eta ikus-entzuleak asmatu beharko du amaiera. Bestetik, bertso bat entzun ahal izango da, hiru puntu falta dituena, eta entzuleak asmatu beharko ditu falta diren oinak. Azkenik, euskarari buruzko kantu bat zabalduko dute karaoke muduan, entzuleek abestu ahal izateko. Bi asmakizunen erantzuna hurrengo bideoan emango dute.

Ekimenaren bidez herrian sortutako kontakizun eta kantakizunekin zarauztarrek euskaraz kontsumitzea lortu nahi dute. Horretarako, bideoak sare sozialetan zabalduko dituzte eta bertan erantzun beharko dute ikus-entzuleek. Asmatzen dutenen artean sari berezia banatuko dute. Euskaraz kontsumitzeaz gain, kontakizunak, bertsoak nahiz abestiak zarauztarren hizpide izatea ere badute helburu, ahozkotazuna bultzatzeko xedearekin. 

Ekimenean hainbat eragilek hartu dute parte, besteak beste, Alproja antzerki taldeak, Arraio Irratiak, Arrai Zopa eta Montetxio abesbatzek, Arranoko gitarra taldeak eta Motxian bertso-eskolak. "Herritik egina, herritarren belarri eta ahoen gozamenerako. Zarauztarrak, ibili adi zabalduko diren bideoei eta aprobetxatu euskararekin gozatzeko!", burutu dute.