Zortzi positibo zenbatu dituzte Zarautzen

Julene Frantzesena 2020ko aza. 19a, 13:50

Aurreko asteetako datuekin zer ikusirik ez dute aste honetakoek, baina hala ere, COVID-19a detektatzeko probetan zortzi zarauztarrek eman zuten positibo atzokoan. 639,46ko intzidentzia tasarekin, Zarautzen piztuta jarraitzen du semaforo gorriak.

Atzoko probetan zortzi emaitza positibo izan ziren Zarautzen, herenegun baino bi gehiago. Beraz, gora egin dute, beste egun batez, herrian atzemandako kasuek. Une honetan 639,46koa da kasu metatuen tasa, eta gorriz markatuta jarraitzen du Zarautzek.

Gainera, aste honetako positibo kopururik altuena atzo zenbatu zuen Osakidetzak Urola Kostan; izan ere, herenegun 48 kasu detektatu ondoren, atzo 55 atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskualdeko herrietan. Azkoitia da kasu gehien zenbatu dituzten herria (21 positibo), eta haren atzetik dira Azpeitia (10 positibo) eta Zarautz nahiz Orio (zortzina positibo). Zestoan, berriz, lau positibo atzeman zituzten atzokoan, eta Getarian zein Zumaian bina –Aian, Beizaman, Errezilen eta Aizarnazabalen ez dute kasurik zenbatu–. Dena den, Osasun Sailak ez du jakinarazten herrika zenbat PCR eta antigeno proba gauzatzen dituen; beraz, ez dago jakiterik proba egin eta positibo eman duten herritarren ehunekoa zein den.

Atzoko kopurua altua bada ere, datuek apaltzera egin dute azken asteetako zenbakiekin alderatuz gero. Intzidentzia tasek ere beheranzko joera hartu dute, baina hala eta guztiz, hainbat herrik segitzen dute semaforo gorria piztuta. Hain zuzen ere, bost mila biztanle baino gehiago dituzten herrien artean, 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko positiboen tasa 500dik gorakoa da hainbat herritan: milatik gorakoa Azpeitian, Azkoitian eta Orion; eta 638,46 Zarautzen. Zumaia da kasuek nabarmen behera egin duten eskualdeko herrietako bat. Izan ere, azken asteetan milatik gorako positibotasun tasa izan ostean, lortu dute han egoera iraultzea: atzoko datuen arabera, 458,02 da hango tasa. 5.000 biztanletik gorako herrietan badira milako langa gaindituta duten herri batzuk, hala nola Errezil nahiz Getaria.

Herenegungo antzera Hego Euskal Herrian

Herenegundik atzora ez dira askorik aldatu Hego Euskal Herriko datuak; ez, behintzat, orokorrak. Izan ere, herenegun 1.210 kasu zenbatu zituzten, eta atzo 1.205. Gipuzkoan 478 positibo zenbatu zituzten, Bizkaian 432, Araban 136 eta Nafarroan 136. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, gainera, Osasunbideak eta Osakidetzak 16.951 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten atzokoan, bezperan baino 793 gutxiago.

Nafarroan positiboen beheranzko joerari eusten ari dira, baina atzo zertxobait gora egin zuen positiboen ehunekoak; izan ere, 2.065 proba egin zituzten han, eta testa egin zuten herritarren %6,6k eman zuten positibo lurralde horretan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 14.886 proba egin zituzten, eta proba egin zuten herritarren %7,2k eman zuten positibo.

Osakidetzak jakinarazi duenez, 56 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur-gaurkoz, 477 lagun daude horietan –herenegun baino zortzi gutxiago–. ZIUko egoeraren berri ez du eman erakundeak.