Etxean energia berriztagarriak ezartzeko aukerak ezagutu ahalko dira bihar

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 19a, 17:07

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak elkarlanean antolatu dute tailerra. Izatez aurrez aurre egitekoak baziren ere, modu telematikoan egingo dute COVID-19ak eragindako egoera tarteko.

Bihar etxean energia berriztagarriak ezartzeari buruzko hitzaldia entzuteko aukera izango da sarean, 18:00etatik aurrera. Energia berriztagarriak zure etxean... posible da! izenburupean, tailerraren helburua da energia berriztagarriak ezartzeko irizpideak eta ezagutzak modu argi eta ulergarrian eskaintzea. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gaiaren inguruko araudia aldatu da berriki, eta orain "errazagoa" da energia berriztagarriak ezartzea. 

Tailerrean parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman beharko dute. Horretarako, argitu@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-11 29 48/628 53 23 03 zenbakietara deitu daiteke. Saioari buruzko informazio gehiago eskuragarri dago argitu.eus webgunean.