"Jada eman dituzte hainbat gako, etorkizun hurbila nolakoa izango den aditzera ematen dutenak"

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 20a, 10:30
Mikele Lapeira eta Klara Lazkano, GKSko kideak. (Maialen Etxaniz)

Asteburu honetan ere mobilizatzera deitu du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), tartean, Zarautzen. "Askatasun politiko eta zibilen defentsan", "burgesiaren zuzeneko diktadura gelditzea" izango dute aldarri, besteak beste. GKSko kideak dira Klara Lazkano (Zarautz, 1997) eta Mikele Lapeira (Azpeitia, 2000), eta haiekin aritu da solasean ZARAUZKO HITZA. Alarma egoera nahiz askatasun ezaren eta pobreziaren arteko harremana izan dituzte hizpide, baita eskualdean sortu berri diren GKSko taldeen jarduna ere.

2019an aurkeztu zen Gazte Koordinadora Sozialista, eta ikasturte honetan eman duzue Urola Erdiko eta Urola Kostako taldeen berri. 

Mikele Lapeira: GKS sortu aurretik baziren Euskal Herriko hainbat txokotan joera politiko sozialisten hainbat adierazpen, gertatzen denari ikuspuntu sozialistatik begiratzeko joera gorakorra zen, adibidez, unibertsitateetako ikasleen borrokak, zenbait gaztetxe eta gazte asanbladak garatutako proposamenak… Hala ere, gazte problematika klase ikuspegitik eta modu integralean landuko zuen antolakunde baten falta nabaria zen, eta horretarako jaio zen GKS, gazte langileen afera klase ikuspegitik lantzeko. 

Ordutik burubelarri aritu gara: egin ditugu koiuntura politikoaz hausnartzeko mintegi teorikoak, gure azpiegitura beharrei erantzuteko lan egunak, lehenengo Gazte Sozialiston Topagunea Azpeitian, Gipuzkoako Topaketa Sozialistak… Garapen horren emaitza da, besteak beste, tokian tokiko taldeak sortu izana. Uste dugu beharrezkoa dela, bizi dugun krisi kapitalistaren eta proletarizazio masiboaren aurrean, printzipio politiko sozialistak oinarri hartuta lan egitea eskualdez eskualde.

"Gazteria" kontzeptu politiko gisa ulertzen dugu GKSn, eta ez dugu banatzen klase zapalkuntzaren analisitik. Gazte subjektibitatea, hain zuzen, gizarte kapitalistan betetzen duen funtzio soziala aztertuta ulertu behar dugu, eta ez auzi biologiko gisa. Hortik "gazte langile" terminoa. Guretzat, gazte problematikaren funtsa ez da adinen arteko gatazka bat. Burgesiarentzat funtzionala da gazte subjektibitatea, funtzio ekonomiko bat betetzen baitu; esaterako, lan baldintza zehatzak ezartzen zaizkigu lan merkatuan, edota funtzio despolitizatzaile garbia duen masa kultura bat ezartzen digute.

 

Bigarren alarma egoera indarrean sartu zenean jarri zenuten martxan Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu izeneko kanpaina Euskal Herri osoan, eta hainbat mobilizazio egin dituzue ordutik. Zer esan nahi duzue lema horrekin?

Klara Lazkano: "Diktadura" diogu, ezarri dizkiguten neurriekin, ukatu egin dizkigutelako oinarrizkoenak diren eskubide politiko eta zibilak ere (biltzeko, protestarako edo mugikortasun askerako, adibidez), eta urratsak ematen ari direlako aginte eredu gero eta totalitarioago baterako. Hori baita diktadura, botere eta ahalmen guztia agente baten eskuetan egotea. "Zuzenekoa" diogu, neurriak legez ezartzen dituztelako eta zuzenean betearazi, diziplinazkoak diren esku-hartze polizialen eta zigorren bidez. "Burgesia" diogu, oraingoan nabarmen ikusten ari garen bezala, talde batek, burgesiak, beste talde oso bati ezarritako neurriak direlako, bere interesen defentsan beste behin ere eta ez, saldu nahi duten modura, osasun-irizpideak jarraituz.

Gero eta markatuagoak dira lehendik ere bazeuden bi bandoak: enpresari handiek, politikari profesionalek eta finantza-oligarkiek gero eta botere gehiago metatzen jarraitzen dute, eta masa zabalen artean, gero eta arruntagoa da pobrezia.

M. L: Eta pobrezia diogunean, zentzurik zabalenean diogu, masa zabalei ukatzen zaizkigulako eskubide eta askatasun politikoak, pobreziara nahiz askatasun faltara kondenatuz. Bitartean, burgesiak jarraitzen du bere politika egiten. Une honetan orokortzen ari den pobrezia ezin da soilik bere zentzu materialean ulertu; askatasunaren ukapen konstantea ere egungo gizarte eredu pobrearen erakusle da.

K. L: Sumisioak, gure ustez, bere adiera zabalenean ezaugarritzen du gure oraina eta etorkizun hurbila: sumisio ekonomikoa pandemiak azkartu duen krisi kapitalista latz honetan, eta gainera, sumisio kulturala, antolakuntza eza (momentuz zigor bidez betearazi nahi digutena) bizi-ohitura bihurtu nahi duten honetan.

 

Pandemia hasi zenetik, gobernuek eta bestelako korporazioek osasunaren izenean esku hartu dutela seinalatu izan duzue.

M. L: Ustez izurritearen hedapena gelditzeko, nahiago izan dute jendartearen eskubide zibil eta politikoak dekretu bitartez ezabatu eta ahal den heinean birusarekin elkarbizitzen jarraitu, adibidez, haientzat estrategikoak diren jarduera ekonomikoak ukitu baino, edota haien kontrolpean dauden eta inoiz baino garatuago dauden jakintza eta teknologia-baliabide guztiak horretara bideratzea baino. Nola uler daiteke hori?

K. L: Aplikatzen dituzten neurriek, gure ustez, klase izaera garbia dute. Izan ere, gure herritik atera ezinik gauden honetan, 60 pertsona baino gehiagoko ikasgeletan eta lantegietan pilatuta jarraitzen dugu. Pandemiaren kudeaketarekin, agerian geratzen ari dira estatu kapitalistaren mugak, baita hark guztion osasuna eta ongizate orokorra bermatzeko duen ezintasuna ere.

M. L: Dinamika kapitalistaren gainontzeko fase guztietan bezala, pandemia eta krisi testuinguru honetan, aipatutako dinamika kapitalista egokitzeko prozesua jarri du martxan burgesiak. Horretarako beharrezkoak diren aldaketak eta berregituratzeak egingo ditu, eta gure ustez, jada eman ditu hainbat gako, etorkizun hurbila nolakoa izango den aditzera ematen dutenak: pobrezia orokortua, kontrol soziala, diziplinamendua... Kapitalaren birkonfigurazio hori, noski, langileriak pairatuko du.

 

Jendetsuak izan dira, kanpaina honi lotuta, Euskal Herri osoan zehar egin dituzuen mobilizazioak. Zer ari zarete aldarrikatzen?

K. L: Gero eta pobretuago eta politikoki umezurtzago gaude masa zabalak. Horren aurrean, alde batetik, COVID-19a aitzakiatzat hartuta ezarri dizkiguten neurri diziplinario eta polizialak indargabetzea eskatzen dugu, eta horrekin batera, eskubide zibil eta politikoak bermatzea. Bestalde, aurretik azaldu dugun guztiarekin lotuta, osasun-baliabide sozialak indartzea exijitzen dugu.

Azpimarratzekoa iruditzen zaigu, gainera, antolakuntza komunistaren aldeko aldarrikapena. Antolakuntza komunista, hain zuzen, askatasuna bizitzako esparru guztietara zabaltzea helburu duen bitarteko bezala ulertzen dugu. Neurri zehatzen aurkako borrokaz harago, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure askatasun errealaren aldeko borroka defendatzea eta horretarako indarrak batzea, hori izango baita gure eskubideen eta askatasunaren berme bakarra.

 

Zein deialdi egin dituzue eskualdean?

M.L: Azpeitian Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu kanpaina martxan jarri bezain pronto antolatu genuen elkarretaratze bat. Astebetera manifestazioa egin genuen Azpeitiko kaleetan eta, egun berdinean, Zumaian ere izan zen elkarretaratzea.

K. L: Aurrera goaz mobilizazioekin, eta larunbat honetarako bi deialdi berri egin ditugu eskualdean. Urola Erdiko mobilizazioari dagokionez, Azpeitian manifestazioa egingo da, 18:30ean plazatik abiatuta. Kostan, aldiz, Zarautzen egingo dugu kontzentrazioa, 19:00etan udaletxe plazan.