"Nahiko genuke istripua gertatu zen tokitik berriro korrika igaro"

Mireia Galarza 2020ko aza. 20a, 14:34

Ibon Oregiren eta Jokin Gijarroren bizitzek inflexio puntua izan zuten urriaren 1ean. Auto istripu batean hanka galdu zuen Oregi Zarauzko bizilagunak, eta larri zauritu zen Gijarro zumaiarra.

Zer moduz zaudete?

Ibon Oregi: Ondo esan beharko. Nik uste dut txarrena pasatuta dagoela. Badoaz minak eta sintomak gutxitzen, eta hobeto gaudela uste dut. 

Jokin Gijarro: Nik ere pauso handiak eman ditut azkenaldian, atzo [asteartean] medikuak alta eman zidan, errehabilitazioan segi beharko dut baina.

Deskribatuko al duzue urriaren 1 hura? 

I.O.: Egun berezia izan zen. Zumaiako institutuan egiten dut nik lan, baina tarte bat libre antzea neukan, eta surfera joateko asmoa nuen. Orroagan egon nintzen begira baina itsasoa ez zegoen oso nire gustuko. Baziren bi aste edo korrika genbiltzala elkarrekin [Jokin eta biak]  gustura eta buelta bat emateko deitu nion Jokini. 09:00etan gelditu ginen institutuaren kanpoaldean, eta korrika egitera atera ginen. Hortik aurrera, ez dago misterio handirik. 

Getariara bidean gindoazen lasai, gustura, paradisu horrekin disfrutatzen. Momentuko kolpea sentitu genuen gero, ez genuen ezer entzun, eta airean aurkitu ginen, lurrera erori arte. Hortik aurrera prozesua gogorragoa izan zen, amets gaizto bihurtu zen egoera. 

J.G.: Horrelaxe izan zen bai, joan ginen Getaria aldera, eta kolpea sentitu arte ez genuen ez zaratarik ez gauza arrarorik sumatu, atzetik sentitu genuen kolpea, eta zorte ona eduki genuen zelaitxoa zegoelako justu petrilaren bestaldean; horra erori ginen. Hortik aurrera hasi zen pelikula. 

Eta golpearen ondoren?

J.G.: Hasieran nik ezin nituen besoak mugitu, hankak ez nituen sentitzen eta begirada galduta bezala neukan. Ibonek esan zidan bera ondo zegoela. Gero konturatu ginen belaunetik behera hanka falta zuela. Itsasotik oso gertu geundenez, Ibon mugitzen hasi zenean esan nion geldi egoteko,ikusten nuelako beheraka zihoala. Jaiki nintzenean hankaren bila hasi nintzen eta topatu nuen. Ez zegoen gauza askorik egiterik harekin. Gero etorri ziren torniketea, Ertzaintza, anbulantzia...

I.O.: Luze joan zen. Alde horretatik, sarri egon naiz pentsatzen badagoela beharra hori hobetzeko. Agian ez dago beste aukerarik, baina hain luze egin zitzaidan... eta helburu bakarra zen bizitzea. Ahal bada esna egon, eta kontzientzia baneukan argi neukan bizirik nengoela. Banekien hanka guztia falta zela, hezurra eta guzti, baina ikusten nuen belauna ere okerra zegoela eta ez zeukan itxura onik. Astiro-astiro itzaltzen nindoan, jendearen hitzak ez nituen ondo entzuten, hitz egiteko gero eta indar gutxiago neukan. Bigarren anbulantziaren sirenarekin gogoratzen naiz. Egia esan, momentu batean pentsatu nuen bukatu zela.  Oso indar gutxi neukan. 

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea
 

Beldurra izan zenuen?

I.O.: Ez neukan beldur handirik. Gehiago zen pena, ‘zergatik?’ pentsatzen nuen. ‘Jo, hobeto surfera joan izan banintz’. Ez neukan minik hankan. Harrigarriena hori zen. Ezin nuen mugitu, lurrean itsatsita zegoen. Esan nion [Gijarrori] emateko emazteari eta umeei musu bat, ez nuelako kontatuko. Ez neukan beldurrik ezin zelako gehiago egin,  egindakoa hor zegoen eta listo. Ospitalean esnatu arte. Hor esaten dizute bizirik zaudela eta hanka moztu dizutela. Alde batetik, mundua erortzen da eta bestetik pozik zaude bizitzeagatik, baina ez da erraza.

J.G.: Gogoratzen naiz nolakoa izan zen gure lehen deia, bigarren egunean. Ez dakit zer esan genuen baina biok negarrez bukatu genuen. 

I.O.: Jasotzen nituen mezu asko eta ahalegindu naiz beti erantzuten. Asko eskertzen da. Jendeak gogo onez egiten duela uste dut. Zorte txarraren barruan, zorte ona eduki dugu. Batez ere, belarra zegoelako, bestela itsasora eroriko ginelako, eta gure gorputzak azkar samar eman diolako buelta gertatutakoari. 

J.O.: Hilabete eta erdi pasa da istriputik eta orain hemen gaude zuekin. Nik bizitza normala egin dezaket eta harrigarria da Ibon nola dabilen. Urte txarra eduki dugu baina ona ere bai. 

Eduki duzue ‘korrika egitera joango ez bagina...’ pentsamendua?

I.O.: Buelta gehiegi ezin diot eman, baina apur bat bait. Lehen hiru egunetan negar besterik ez nuen egiten. Baina egindakoa eginda dago eta bueltak ematen hasten bazara zoratu besteirk ez zara egingo. Astiroago korrika egin genezakeen edo zapatillak lotzera gelditu... segundoetako kontua izan zen. Hor egon ginen egon behar ginelako, ez dakit... ez dut uste merezi duenik buelta gehiegi ematea. Konturatu naiz bueltak ematen hasten naizen bakoitzean zulo batean sartzen naizela. 

J.G.: Nik ere pentsatu izan dut "Ibon geratu da geratu den bezala, zergatik ni ez?". Buelta asko ematen ditu buruak, erantzunik gabeko galderak dituzu eta batzuetan gaizki sentiarazten zaituzte... zer pentsatua ematen dizu, baina biok gehiago elkartzeko balio izan badigu, positibotik begiratu beharko diogu. 

Nola daude zuen ingurukoak?

I.O.: Ondo. Emaztea nahiko gogor ikusi dut prozesuan zehar. Bere momentuak dauzka, batzuetan gaizki pasatzen du agian. 

Azken astean botalarriekin nabil. Ohean sartuta hotz, ohean sartuta bero... Hori guztia da morfina uzten joateagatik, abstinentziaren sintomak dira. Etxearen erritmoa praktikoki berak darama hiru umerekin. Ez da erraza. Ni eramaten nau ospitalera, Zumaiara ekartzen nau hiru aldiz... baina nahiko ondo darama. 

Umeen bizitza ahalegindu gara ez aldatzen asko. Teknologiak asko laguntzen du eta egunero ikusten nituen telefonoz ospitalean nengoenean; nahiago nuen horrela han egotea baino. Gauero hitz egiten genuen. Ahal bada, nahi dut ikustea aita ez dela asko aldatu. Bagoaz ikasten. Agian beharko da laguntza psikologikoa gehiagora ez dadin joan. 

Nola ikusten duzue etorkizuna? 

I.O.: Nik nahiko nuke berreskuratu lehen neukan bizitza. Irakaskuntzara bueltatu nahiko nuke, balioa eraman dezake arazo honekin berriro irakasten hasteak, ikasleei erakutsi elbarria den pertsona bat ere bere zailtasunei aurre eginda bizitza normalera hurbildu daitekeela. Kirolari dagokionez, ahaleginduko gara protesiekin kirolean hasten berriro. Beldur puntua daukat, baina astiro-astiro asmoa daukat lehen neukan bizitza berreskuratzeko. Hori izango litzateke egokiena eta politena. Egunen batean nahiko nuke berriro istripua gertatu zen lekutik korrika egin.