Beheraka doa positiboen kopurua Zarautzen ere

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 20a, 13:28

Aurreko asteko datuekin alderatuta, positiboen jaitsiera izan da Zarautzen ere. Bost kasu berri atzeman dituzte atzoko probetan, eta une honetan, 609,42koa da intzidentzia tasa.

Uneren batean gorakadaren bat egon badaiteke ere, olatuaren aparra atzean utzi dugula ondorioztatu daiteke datuei so eginez. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo bost lagunek eman zuten positibo Zarautzen egindako probetan. Astelehenetik une honetara arte, beraz, 22 kasu zenbatu dituzte herrian. Aurreko astean, denbora tarte berdinean, 45 positibo detektatu zituzten.

Gaur-gaurkoz 609,42koa da kasu metatuen tasa Zarautzen, eta positibotasunak behera egin badu ere, piztuta dago oraindik semaforo gorria. Aurreko ostiralean (azaroak 13), 854,04koa zen intzidentzia tasa.

Urola Kostan, orokorrean, asko jaitsi da zenbatutako positibo berrien kopurua. Atzo hogei kasu izan ziren; bezperan emandakoaren erdia baino gutxiago, hain zuzen ere. Izan ere, 55 kasu zenbatu zituzten eskualdean asteazkenean: Azkoitian izandako 21 kasuek igo zuten datua. Atzo, berriz, hiru positibo besterik ez zituzten zenbatu herri horretan. Aipagarria da, baita ere, aspaldiko partez ez zutela kasurik izan Azpeitian. 

Zarautzen atzeman zituzten atzo kasu gehien; Zumaian eta Zestoan launa kasu izan ziren, Getarian hiru eta Orio bat. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zituzten atzo positiborik izan.

Eskualdeko intzidentzia tasak ere beheranzko joera du. Oriok du gaur egun intzidentzia tasa handiena –Errezilen atzetik–, 1.303,42rekin; Azpeitiak 1.069,41ekoa du, eta Azkoitiak, semaforo gorria piztuta izanda ere, milatik beherako tasa du: 967,55. 

Hego Euskal Herrian ere beherantz doa positiboen kopurua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 935 kasu zenbatu zituzten atzo, egindako 14.391 probatan; %6,5ek eman zuen positibo. Bizkaian eman ziren kasu gehien –412 kasu–; Gipuzkoan 407 kasu izan ziren, eta Araban 109.

135 pertsona daude hiru lurraldetako erietxeetako ZIU unitatetan, eta guztira 475 ospitaleratuta. 

Nafarroan, berriz, azken aldiko zenbaki baxuena izan zuten atzo, 138 positiborekin. Guztira 2.065 proba egin zituzten, eta positiboen tasa %6,7koa izan zen.