Urtero izaten da martxan Gabonetako erakusleiho lehiaketa, eta oraingoa ez da salbuespena izango: hogeita hemezortzigarrenez, sariketa jarri du martxan Zarauzko Turismo Sailak, Murkil Dendari Elkartearekin batera. Aurten parte hartuko duten establezimenduek abenduaren 7tik urtarrilaren 6ra arte egon beharko dute apainduta, eta abenduaren 7a baino lehen eman beharko dute izena. Turismo bulegoan (Kale Nagusia, 30) egin daiteke izen-ematea jada, baita 943 830 990 telefono zenbakira deituta ere.
Epaimahaiak abenduaren 16an jakinaraziko du erabakia, eta aurten ere hainbat irizpide izango ditu kontuan, udalaren arabera: "erakustokiaren aurkezpena, salgai diren artikuluen erakusketa erakargarria eta, azkenik, apainketaren originaltasuna". 600 euroko saria eta trofeoa eskuratuko ditu sari nagusiaren irabazleak, eta Murkilek 300 euroko sari bat ere emango du. Bestalde, aipamen bereziak egin ditzake epaimahaiak.