Joxemi Antia: "Zarautz da Gipuzkoako eskubaloi klubik handiena"

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 21a, 12:14
(Juan Luis Romatet)

Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidente berria da Joxemi Antia (Zumaia, 1962). Jokalari moduan Pulpon eta Errenteriako Oarso taldean aritua, Zumaiako eskubaloi klubean ardura ugari izan ditu: entrenatzailea, ordezkaria eta presidentea azken lau urteetan.

Elkarrizketa hau Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuaren aurretik egin genuen. Eskubaloi partidak jokatzeko aukera zegoen oraindik.

 Jokalaria izan zara, entrenatzailea, Pulpoko lehendakari ere bai... Eskubaloiarekin lotutako bizitza da zeurea.

14 urterekin hasi nintzen eskubaloian, eta 29 urte nituen arte jokatu nuen. Pulpon aritu nintzen lehenbizi, baina hiru denboraldi Errenterian egin nituen, Oarso taldean. Lau zumaiar joan ginen hara jokatzera: Alex Oliden, Mikel Urkidi eta Patxi Agirre ere bai. Gu jokatzen hasi ginenean Pulpok bazuen jubenil mailako taldea, baina seniorrekoa ez, eta jubeniletan bukatu genuenean Errenteriara joan ginen. Urtebetera taldea sortu zuen Pulpok senior mailan, eta harrezkero urtero izan da taldea Zumaian.

Jokalari izatea utzi nuenean, eskubaloia utzi egin nuen; zinegotzia ere izan nintzen Zumaiako Udalean. Nire alaba hasi zenean eskola kirola eta egiten, hor berriro harrapatu ninduten entrenatzeko. Gero entrenatzaile izan naiz, ordezkari, eta azken lau urte hauetan Pulpoko presidente.

Gipuzkoako presidentetzarako saltoa eman duzu. Zergatik?

Egia esan, asmo handirik ez nuen. Orain arteko presidenteak, Francisco Barrosek, esan zuen utzi egin behar zuela, Euskadiko Federazioko presidentetzara aurkeztu nahi zuelako. Barros berak, eta Gipuzkoako beste klub batzuek ere, aurkeztera animatu ninduten. Erraza zela esan zidaten, ez zegoela arazo handirik. Hala planteatu zidaten, eta animatu nintzen. Baina bai, arazoak badaude.

Eta zein dira arazo horiek? Diru kontuak, agian?

Ez, ez. Federazioak ez du diru gehiegi mugitzen. 600.000 euro inguruko aurrekontua du, fitxetatik jasotzen dena, eta horren %80 inguru aseguruak kontratatzeko erabiltzen da. Geratzen denarekin ikastaroak antolatzen ditu, entrenatzaileentzako, kronometratzaileentzako, eta Gipuzkoako selekziora ere bideratzen da kopuru bat.

Eta bai, arazoak badaude, gehienbat Euskadiko Federazioarekin. Gaur egun Eusko Jaurlaritzak kontua hartuta dauka Euskadiko Federazioa. Aurreko presidentearen aurkako salaketa batzuk egon ziren, eta Jaurlaritzak erabaki hori hartu zuen, eta orain epaiketaren zain daude. Federazio barruan haserreak izan ziren, eta hortik datoz orain arazo hauek denak. Kluben arteko arazo batzuk ere badaude, nire ustez, gai edo haserre pertsonaletatik datozenak. Epaile beraien artean ere badaude haserreak; hauek ere bi taldetan banatuta daude. Azken finean, eskubaloian kobratzen duten bakarretakoak dira, eta interes batzuk izaten dira hor jokoan.

Kluben artean zer giro sumatzen duzu?

Zarautz da Gipuzkoako eskubaloi klubik handiena. Infantiletatik hasita 21 talde ditu. Egia da Bidasoak talde bat duela Asobal ligan, eta ez ahaztu Bera Bera ere hor dagoela emakumezkoen ligan. Zortea dugu Gipuzkoan ditugula bi talde maila gorenean, gizonen eta emakumeen talde bana, eta gainera, momentuz, ondo dabiltzala. Erreferenteak badira, baina klub bezala baino talde moduan. Gipuzkoako Federaziotik nahiko genuke talde horietako entrenatzaileek lurraldeko harrobian lagunduko balute, teknikoki bada ere.

Gero, taldeen artean egon daiteke borrokaren bat jokalari onenak eraman nahi dituztelako. Baina bestela, klub batzuen arteko gerra txiki batzuk kenduta, ez dago giro txarrik Gipuzkoa mailan.

irusa izango duzue arazorik handiena...

Protokolo batzuk daude, bai entrenamenduetarako eta bai partidetarako. Tenperatura hartzen zaie guztiei, atsedenaldian ez dira aulkian aldatzen, eta eskuak ere ez dituzte ematen. Talde federatuek joka dezakete, eta kadete mailatik gorako jokalariak federatuak bezala ikusten dira. Hortik beherakoak eskola kirola bezala hartzen dira, nahiz eta kluben barruan dauden, eta kategoria horiek urtarrilera arte ez dira printzipioz hasiko.  

Hemen, Pulpon, izan ditugu positiboak: seniorretan mutil batek eman zuen positibo, eta nesketan bi jubenilek; beste guztiek negatibo. Nire inpresioa da positiboak ez direla eman hemen, entrenamenduetan. Arriskuak egongo dira, baina ez dira gehiegi kutsatzen.

Halako egoerarik ez zenuen ezagutuko kirol munduan.

Nork esango zigun orain urtebete maskara eramango genuenik. Gipuzkoako egutegia egin dugu; hasiera batean hamabost egunean behin jarri ditugu partidak. Badakigu jokatu ezingo diren partidak egongo direla. Protokoloak dio jokalari bakarrak positibo ematen badu beste guztiek konfinatu behar dutela probak egin arte. Horrek suposatzen du ezin duzula partida jokatu, eta partida hori atzeratu egingo da; ez da galdutzat emango. Horretarako protokoloa ere ezarrita dago. Gero, talde batek positiboren bat eman badu, baina negatibo eman duen kopuru jakin bat badu, ez du aitzakiarik izango partida hori ez jokatzeko.  

Lehen talde batek, akaso, izango du jubeniletatik jokalariak igotzeko aukera?

Ez dugu kategoriak nahasterik nahi. Kadeteek, gurasoen baimenarekin, badute jubenilekin jokatzeko aukera; jubenilek ere bai seniorretan. Baina azken honetan begiratu beharra daukagu. Burbuilak bezala izan behar dute. Jokalari batek positibo ematen badu, talde hori kontrolatuta daukazu. Baina jokalari horrek bi taldetan jokatzen badu, horrek arazoak handitzen ditu, eta egoera zaildu.

Denboraldi osoa jokatuko ote da?

Jubenil eta kadete kategoriatan, Gipuzkoa mailan, ahalik eta gehien jokatzea da asmoa. Berez ez da igoerarik eta jaitsierarik egongo. Ahal bada ligak jokatuko dira, baina geratuko ditugu beharrezkoa ikusten badugu.

Jokalari beraientzako ere gogorra izango da ba egoera.

Pentsa pasa den martxoan utzi ziotela jokatzeari. Bada talde bat ez dena aterako beraien jokalariek lehiatuko ez direla esan dutelako. Seniorretan ere izan daitezke arazoak, izan ere badaude senior mailako jokalariak lan egiten dutenak, eta positibo eman dutelako konfinatu behar badute, horrek eragina izan dezake lanean. Kontuz ibiltzeko esango diote lanean.

Denboraldi arraroa izango da. Baina pandemia honek erakutsi digu gauza batzuk egin ditzakegula beste era batera. Adibidez, konfinamendu garaian entrenatzaileen titulua ateratzeko kurtsoak egin ziren, eta arrakasta izan zuen. Lehen presentzialak ziren, eta jende batek ez zuen parte hartzen, astebururo ordu pila bat sartu behar zelako. Espainiako Federazioak online kurtso bat egiteko baimena eman zigun eta ia ehun pertsona apuntatu ziren. Hori oso pozgarria da, garrantzitsua delako talde denek lizentziadun entrenatzaileak izatea.