"Salbuespen espetxe politika amaitzea" eskatu dute 'Izan Bidea' giza katean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 22a, 14:19

Sarek deituta eta Izan Bidea dinamikaren barruan, giza katea osatu dute gaur Zarauzko malekoian. "Urgentziazkoak eta beharrezkoak diren hainbat pauso" eskatu dituzte, "preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko". Besteak beste, "larriki gaixo diren presoen kaleratzea", "urruntze politikaren amaiera" edota "zigorren batuketa" exijitu dituzte.

Sarek joan den maiatzean martxan jarritako Izan Bidea dinamikari lotuta, Hego Euskal Herriko hamaika txokotan izan dira mobilizazioak asteburuan. Gaur Zarautzen irten dira kalera: giza katea osatu dute itsas pasealekuan eta, amaieran, argazki jendetsua atera dute Munoa plazan.

Deitzaileek azpimarratu dutenez, "espetxeetako egoerak ere okerrera egin du COVID-19aren ondorioz, bai preso direnen, bai bisitara joaten diren senideen egoera zailduz". "Horregatik batu gara gaur ere, guztion artean oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak diren pausoak eman daitezen", azaldu dute. Hala, "salbuespen espetxe politika amaitzearen beharra" aldarrikatu eta hainbat eskakizun zehatz egin dituzte; besteak beste, "larriki gaixo diren presoen kaleratzea", "urrunketa politikaren amaiera", "gradu progresioa", "zigorren batuketa" nahiz "bakartuak diren emakume presoen bateratzea".

"Une historikoa"

Sareko kideek adierazi dute "une historiko baten aurrean aurkitzen garela": "Batetik, Euskal Herri mailan salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasun eta akordioak gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta soziala batzen duelako; eta bestetik, bai Madrilen bai eta Parisen, espetxe politika aldatzeko borondatea agertu dutelako lehenengoz, nahiz eta eman diren urratsak, arnasgune izanda ere, nahikoa ez izan". "Aukera probestu beharrean gaude", diote.

"Egoera zaila izan arren eta guztion segurtasuna dela-eta, arduraz jokatzea dagokigun arren", "hilabete zail hauetan guztietan aktibo" egon direla nabarmendu dute Sareko kideek. Aurtengo Izan Bidea dinamikaren bidez, "milaka herritar urratsak ematen hasi" direlakoan daude; "preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko urratsak emanez, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko urratsak emanez".