Sarritan egin didate barre zarauztarra naizelako, maiz trufa, sarri iseka. Haizea darabilgula hemen, Herbeheretako errota guztiak martxan jartzeko adina. Donostiaren lehengusu txikia izatea omen dugu amets, izanagatik euskaldun trakets, kanpokoen morroi, arrotzen mirabe.
Badira ordea hemen, harrotasuna pizten didaten haziak, espiritu isil apalak, garaiera handiko zuhaitzak, arima erraldoiak.
Baina altxor horiek ez dute denboran irauteko premisarik, iragankorrak dira, haizea bezain iheskorrak, ibai kantarien ura lain igarokorrak, elur epela adina galkorrak, izar uxoak besteko ilaunak. Eta horrek are bereziagoak egiten ditu, musu baten antzera. Inork ez dio muzin egiten lore-sorta bati, musu bati... galkorra dela jakin arren. Herri-ondare horiek ez dituzte, hala ere, eskainitako dohainak berekin eramaten, txabillotarrak kasu; Zarauzko espiritua eguzki-printzaz elikatzen dute, lokartutako herritartasuna has dadin, sendo, indartsu, harro.
Bihotzean min dut, min etsia, negar isila darion mina... Erraldoiari oinak moztu dizkiotelako, haren premia zegoelako nonbait, unibertso zabalean, izar arteko konpartsa alaia osatzeko, buruhandien bihurrikeriei irribarre bat itsasteko, astroen argi dirdiratsuak trikiti-hotsarekin dantzatzeko.
Zarauztarron izaera kolektiboa zarratatu digute, gure identitatea azpimarratzen duten ezaugarri isilen dekalogoa zulatu, jaien itsasargiari putz egin. Oskar joan zaigu, aitaren ubera atzetik, isilik, bere horretan dabiltzan herritarren jarduna ez eragozteko ahaleginetan, danbatekorik eman gabe, itxi duen atean airea sartzeko zirrikiturik ere utzi gabe.
Koreografia alaien asmoak ditut gogoan: “Polikiago, Iñaki!”, “Ezkerretara, Getari!”. Ilusioak atontzen, amak garbitutako arropak erraldoiei janzten, txabillotarren izar-hautsez herria euriztatzen.
Marrazki baten inguruan ezagutu zintudan. Kamiseta baten marra zalantzatiek zure gogoa irudikatu nahi zuten, zure borondatera makurtu, zure nahiak ase. Ez zinen zu, ordea, sormena kateatzearen aldeko, irudimena moldatze zale, ez zeunden borondateari giltzarrapoa jartzeko prest. “Eta ez baduzu atsegin nik egindakoa?”, “Nola ez dut bada, gogoko izango, posible al da horrelakorik? Konfidantza aldagai urria den garai honetan, izan al daiteke eskuzabalagorik?
Kandela xume baten argia izango duzu gure etxean, denbora puska baterako, Anbotoko Mariren, bale-arrantzalearen, Basajaunaren eta baserritarraren konstelazioak aurki ditzazun, guk miresteko, Zarauzko udako gau epel ilunetan.