Bertso sorta: 'Burua landu'

Zarauzko Hitza 2020ko aza. 23a, 09:50

Hemen irakurgai Inaxio Uria 'Isastik' jarritako bertsoak. 'Iparragirre abila dela' da sortaren doinua.

-1-
Estatu Batuetan jaioa
Bertan hazi ta hezia
Azerikerietan zehazki
landuaz abilezia
Oso gaztea zela
ezagutuz kartzela
Arrazoia berezia
Sekretu lapurretaz xahutu
“Goren Inteligentzia”(bis)

-2-
Bere aita agureak zuen
baratz bat bere eskura
bertan tomateak landatzea
zuen garaiko ardura
Lurraren goldaketa
lan gogorra zen eta
ezin lortu behar hura
Egoera hark sortuaraziz
etsipena ta tristura (bis)

-3-
Aitak mezu bat bidali zion
semeari espetxera
adieraziaz argi ta garbi
zein latza zen egoera
“Ez dut laguntzarikan
beraz horregaitikan
guztia doa gainbehera
Gaur zu nirekin ez egotea
da itzelezko galera” (bis)

-4-
Ondoren semeak mezu batez
eskatu zion aitari
bolada batez uzteko arren
baratza goldatzeari
“Zerbait garrantzitsua
daukat lurperatua
beraz ez ekin lanari
Ni espetxetik irtendakoan
helduko diot gaiari” (bis)

-5-
Mezua arakatu zutenez
heldu ziren militarrak
eta baratza inguratuaz
ekintza zinez azkarrak
Harrotu zuten lurra
Etengabe, egurra!
Baina emaitza kaskarrak
Beraz guztiak aldegin zuten
Hutsik beren hatzamarrak (bis)

-6-
Astebetera beste mezu bat
semeak espetxetikan
Militarren goldatze saioak
pozik suposaturikan
“Orain aita,berriro
tomatea astiro
landatu ba gogotikan
Gerora ere izango duzu
babesa niregandikan” (bis)