Eremu gorritik laranjara igaro da Zarautz

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 23a, 13:35

Badirudi tontorra igaro, eta beheranzko bidea hartu duela izurriteak. Hori hala izanda ere, oraindik kasu positiboak zenbatzen jarraitzen dute Zarautzen. Asteburuan 23 kasu izan dira, baina semaforo gorria itzali da herrian: 497,38ko positibotasun tasarekin, eremu laranjara igaro da Zarautz.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman berri ditu ostiralean, larunbatean eta igandean izandako datuak. Beheranzko joera hartu du pandemiak, eta atzo 500dik behera kasu izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egia da, baita ere, dezente proba gutxiago egin zituztela, eta horrek izan dezake eragina zenbatutako datuetan. 

Zarautzen 23 kasu positibo zenbatu dituzte ostiraletik igandera bitartean: hamar ostiralean, bederatzi larunbatean eta lau atzo, igandea. Dena den, positibotasun tasak nabarmen egin du behera joan den asteburuan, eta une honetan, 497,83koa da tasa. Hortaz, eremu gorritik laranjara igaro da Zarautz.

Eskualdean, beste 77 kasu izan dira asteburuan. Orain zazpi egun emandako datuekin alderatuta, hemezortzi kasu gutxiago zenbatu dituzte –95 kasu izan ziren azaroaren 13tik 15era bitartean. Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien; Azkoitian hogei positibo izan dituzte asteburuan, eta hamabost Azpeitian. Orion zazpi positibo detektatu dituzte, lau Zestoan, hiruna Aian eta Zumaian, eta bi Getarian. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik izan asteburuan. 

100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen tasa kontuan hartuta, Azpeitia eta Azkoitia milako tasatik jaitsi dira: 967,55eko tasa du Azkoitiak eta 928,28koa Azpeitiak. Hala ere, semaforo gorria piztuta mantentzen da bi herrietan. Baita Orion ere; 1.105,43ko tasarekin, milako langa igarotzen duen herri bakarra da, Errezilekin batera. Zarautzen eta Zumaia semaforo laranja dute piztuta: 497,89ko eta 356,23ko tasak dituzte, hurrenez hurren.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera positiboen kopuruak. 867 kasu izan ziren ostiralean, 641 larunbatean, eta 499 igandean. Esan bezala, PCR eta antigenoen proba gutxiago ere egin dituzte –13.164tik 7.290era pasa da hiru eguneko epean–, baina hala ere beherakada horrek albiste positiboa izaten jarraitzen du.

449 pertsona zeuden atzo hiru lurraldetako ospitaletan, horietatik 141 zaintza intentsiboko unitatetan.

Nafarroako Gobernuak ez du oraindik asteburuan izandako kasuen berri eman.