Bizikleta martxa antolatu dute azaroaren 25erako

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 23a, 18:15
Elkarretaratzea iazko azaroaren 25ean.

Zarauzko Koordinadora Feministak Ni, zu, zubi asko gara lemapean prestatu du azaroaren 25erako egitaraua. Bizikleta martxaren ostean, ekitaldia egingo dute Munoan.

Datorren asteazkenean izango da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna. Zarauzko Koordinadora Feministak duela hainbat aste ekin zion egitarau bat prestatzeari, eta argitaratu dute jada. Bizikleta martxa antolatu dute azaroaren 25erako, 18:00etan Emakumeen* Etxetik hasita, eta horren ondoren, ekitaldia izango da Munoa plazan. Ni, zu, zubi asko gara izenpean aurkeztu dute egitaraua.

Asteazkenaz harago, baina, izango da ekimenik aurtengoan. Ostiralerako, azaroak 27, Putzuzulo gaztetxean hitzaldi bat ematera gonbidatu dute Samara Velte. Indarkeria matxistaren gaineko diskurtsoen inguruan ariko da kazetari zarauztarra, eta horretarako, adibide modura hartuko du 2016an Iruñeko sanferminetan jazo zen talde bortxaketa bat. 18:30ean izango da hitzaldia, eta horren ostean, 20:00etan, poesia saioa izango da Amaia Lainonen eskutik.