Aitziber Etxeberria: "Bizipenek eta emozioek pisu handia dute eleberri honetan"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 24a, 09:00
Etxeberria, labetik atera berri duen eleberria esku artean duela. (Erein)

Laugarren eleberria argitara eman berri du Aitziber Etxeberriak (Zarautz, 1973) Erein argitaletxearekin: 'Olivetti'. Misterioa eta sentimenduak uztartu ditu azken lanean, eta istorioaren nondik norakoez zein idazteak ematen dionaz aritu da zarauztarra.

Nola definituko zenuke ‘Olivetti’ eleberria?
Akziozko eleberria da Olivetti. Protagonista Ingrid da; orain gutxi bere aita hil da eta haurra zela hil zitzaion ama. Notarioarengana doanean aitaren azken borondatea jasotzera, hark bere amaren testametuan azaltzen den aipamen bat egiten dio eta argazki bat ematen dio idazmakina zahar bat azaltzen dena. Horrek guztiak ez dauka zentzurik beretzat, eta bultzatzen  du bere gurasoen iragana eta haurtzaroa ikertzera. Ikertze lan horretan bere lagun Dusty tatuatzailea izango du aldamendean. Deskubritzen doan heinean, gertatzen zaio erantzunekin beharrean galdera gehiagorekin topatzen dela eta horrek ikertzera eramaten du.  

Zein da eleberri honek zure besteekin alderatuta duen bereizgarria?
Liburu honetan sentimenduak garrantzia handia dauka. Ingrid pertsonaia nagusia haserre dago bizitzea tokatu izan zionarekin, galera asko eduki ditu bizitzan eta bakarrik sentitzen da. Ahizpa bat dauka duela hamar urtetik ikusi ez duena, gurasorik gabe geratu da eta oso bakarrik sentitzen da. Horrek bere bizitza baldintzatzen du. Sufrimendu horrek haserre egotera bultzatzen du eta konturatzera bere amari buruz zekiena ez dela asko, eta zekien gutxi hori ziurrenik ez dela egia jakiteak bere haserre hori areagotzen du. Orduan, eleberri honetan, haserre horrek pisua dauka. Nik uste dut sentimenduek eta emozioek leku garrantzitsua dutela. 

Orain artekoetan eduki ez dutena?
Desberdina. Irakurleek esan izan didate aurreko nobeletan sentimenduek pisua bazutela, baina nire irudipena da nobela honetan pisu gehiago dutela. Idazterako orduan ere behar handiagoa sentitu dut jarraian idazteko, pixka bat barruan neukan sentimendu hori ateratzeko. Idazteko modua beste nobelekin alderatuta desberdina izan da.

Eleberriaren tituluak ere iradokitzen du halako nostalgia sentimendua.
Bai. Gurasoen iragana eta haurtzaroa ikertzen hasten da, eta aipatzen den garaia 1960-70eko hamarkadak dira. Garai hartan ordenagailuak egon egongo ziren baina oso gutxi, eta orduko ikur bezala Olivetti idazmakina  jartzea egokia iruditu zitzaidan. Nostalgia baino, pasa den garai bat irudikatzen duela iruditzen zait. Gurasoen helduaroa edo protagonistaren haurtzaroa adierazten du. 

Ez zara idaztetik bizi, baina denbora eta esfortzu handia eskaintzen diozu. Zer ematen dizu idazteak bueltan?
Niri idazteak askatasuna ematen dit. Da momentu bat niretzako hartzen dudana eta eguneroko errutinatik ihes egiteko balio didana. Jende askok kirola egiten duen bezela eta hor bere momentua bilatzen duen bezala, niretzat nire egunerokotik atera, arazoak eta kezkak aparkatu momentutxo batez eta beste mundu batzuetan eta beste istorio batzuetan murgiltzeko aukera da. Horrek egunerokoak ematen ez didan ihesbidea ematen dit.

Asko gustatzen zaidan gauza bat da, gozatzen dudana, nahiz eta batzuetan ez dakidan nola jarraitu eta ataskatuta egon. Niretzat pozgarria eta betegarria den zerbait da, bizitza orekatzen laguntzen dit. Amets egiteko modu bat ere bada. Errealitatetik salto egin eta askatasuna sentitzen dut. Beste pertsona bat izateko aukera ematen dit, beste pertsona batzuk biziko luketena kontatzeko aukera. Asko betetzen nau horrek. 

Inoiz pentsatu duzu esklusiboki aritzea idazten?
Momentuz ez dut pentsatu. Nire lanbidea ere asko gustatzen zait eta disfrutatu egiten dut harekin, beraz, momentuz, biak uztartu ahal izatea da aukera onena. Horrek ez du esan nahi inoiz beste planteamendurik egingo ez dudanik. Agian nire beharrak aldatzen dira, eta idazteko behar hori areagotu egiten da egunen batean.