Egokitzapen lanak egingo dituzte Ixpila plazan eta Mendilautan

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 24a, 17:00

Auzoz auzo programaren barruan, hainbat espaloi eta zebra-bide nahiz Pilartxo Eneako parkea egokituko dituzte. Banku berriak ere jarriko dituzte Desertu Txikiaren inguruan.

"Urbanizazioak txukun mantentzea eta hiri-altzariak konpontzea" da Zarauzko Udalaren Auzoz auzo programaren helburua. Mendilauta inguruan eta Ixpila plazan izango dira hurrengo lanak, eta udalak aurreikusi du urte honen amaierarako bukatzea obra. 

Iban San Martin Azpiegitura, Obra Txiki eta Zerbitzu zinegotziaren arabera, bizilagunek adierazi izan dute "egoera oso txarrean" daudela auzoko bankuak. Hortaz, Desertu Txikiaren inguruko hamahiru banku kendu eta berriak jarriko dituzte. Horretaz gain, eremu horretako espaloietako baldosak konponduko dituzte.

Bestalde, Zinkunegi kaleko espaloiak "oso estuak" direla iritzita, zabaldu egingo dituzte. Zinkunegi, Zumalakarregi eta Orixe kaleetako zebra-bideetan beheraguneak egingo dituzte, gainera, "irisgarritasuna bermatzeko" asmoz. "Gaur egun koxka handia dute zebra-bide hauek", dio San Martinek.

Pilartxo Eneako parkea egokitzeko eta txukuntzeko lanak ere egingo dituzte datozen asteetan.